'NEURE KABUZ'

Bero larria

Asier Odriozola 2022ko uzt. 22a, 08:51

Nik ez dakit delako klima aldaketaren ondorio den (orain, klima emergentzia esan behar omen da) edo giza eraginaz haratago ere gertatuko zatekeen zerbait den, baina itolarri potoloa izan dugu joandako egun batzuetan, igande eta astelehenean bereziki.  Badakit 30 graduko tenperatura edozein gizakirentzat dela gehitxo, baina hemen ez gaude batere ohituak. Cordoba batean, esaterako, noiznahi dabiltza neurri horietan behin udara iritsiz gero, baina gurean deigarria da, zorionez. Nahikoa lan izan dugu etxeko freskurari eusten edo giroa egosi ez zedin saiatzen.

Inoiz madarikatu izan dugu hemengo laino festa edo eurirako joera. Eguraldi “ona” eskatzen genuen baina errezeloa daukat egunotakoa ezagututa, lehengoan geratu nahian garela guztiok. Eta orain hausnarketarako garaia da, denok ere pentsatzen hasiak garelako urrutian kokatuta geneukan aldaketa, klima aldaketa, uste baino azkarrago hasi dela arrastoa uzten, uste baino lehenago ari garela atzaparkadak jasaten. Eta nahi badugu eta berdin nahi ez badugu ere hausnarrera garamatza garapenaren abiadurak: prest al gaude gure ohiko bizitzako ohiturak, kontsumo ohiturak aldatzeko? Prest gure bidaiatarako joera murrizteko? Prest geure autoari muzin egin eta garraio publikoaren eskaintzara moldatzeko? Uste dut bozgorailua ere erabiliko genukeela lurraren aldeko hitzak zabaltzen, baina gero ez gaudela proportzio berean sakrifizioak egiteko pronto.

Adituek diote, gu garela horren inguruko erabakia hartu behar duen belaunaldia, ondorengoek ondorioak jasateko beste aukerarik ez dutelako izango. Badakigu gizateria hondamendira joango dela inoiz eta ez da eguzkia itzaltzen denean izango. Askoz lehenago izan dadin saiatzen ari gara gu geu eta lortuko dugu. Arrakasta izango dugu horretan. Bitartean, bilatu itzala.