Festaz eta urez blai, Orian

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 16a, 19:48

Goizetik iluntzera Karmengo Ama Birjinaren eguna ospatzen ari dira Orian. Kapera inguruan egin dituzte goizeko jarduera gehienak, eguzkipean; arratsaldean, berriz, ibai ertzeko zuhaitzen itzalpean aurrera eramaten ari dira jarduerak. 

Txistularien dianak jaia hasteko ordua zela adierazi die Oriako bizilagunei. Kapera inguruan zuten topagune, bertan egin baitituzte goizeko ekimenak. Haurrek eskulanak egin dituzte eta korrika aritu dira buruhandien aurrean zein atzean. Beldurra zuten haurrek, laster galdu diete pertsonaia bihurriei, hala ere, penak goxatzeko, gozokiak banatu dizkiete. Aldi berean, eguerdian hasita, meza ospatzen ari ziren Xumelako lagunek girotuta. Amaieran, denentzako luntxa egin dute, pintxoak eta beroa arintzen saiatzeko sagardoa, ura edo freskagarriak izan dituzte aukeran. Mokadua egiten ari zirela Porrotx agertu da, eta haur zein gazte, berarekin argazkia egiteko baliatu dute aukera. Ondoren, emanalditxoa egin du pailazoak kapera atarian eta intxaurrondo bat landatu dute eraikinaren albo batean.

Arratsaldean giroa freskatzen ahalegindu dira Brunet lorategian. Lehen jarduera ur globo eta ur pistolekin egindako borroka izan da. Haurrek eta helduek gustura jokatu dute, beroari aurre egiteko bide egoki bezain entretenigarria izan baita. Blai eginda amaitu dute denek, batzuk segundo gutxitan, baldekada bat ur jaso baitute. Su etena egin dute askaria jateko, eta orduan, bestelako aukerak ere egin dituzte haurretako batzuek: puzgarrietan saltoka aritu edo aurpegia margotu. Orduantxe hasi dira punteria proban jartzen toka txapelketan. Diskoak hiruna aldiz bota ditu partaide bakoitzak, baina gutxi izan dira burdinari jo diotenak. Begira zeudenetako batzuk elkar xaxatu eta animatu dira parte hartzera, trebezia baino gogo gehiagorekin. Izan ere, jomugan eman ez badute ere, nabari zen abilezia nork landu ohi duen.

Kangoo erakustaldia eta zunba saioa ere egingo dituzte Saito gimnasioko lagunen eskutik. Eta gorputza mugitzeko gogoz inor gera ez dadin, DJ Karpinek jarritako musikarekin dantzan aritzeko aukera izango dute.

Erlazionatuak

Porrotxen emanaldia Orian

Txintxarri Aldizkaria 2022 uzt 16 Gizartea