Bigarren urtez jarraian, herritar batek irabazi du El Conquistador del Caribe telesaila ikusten dutenen lehiakide gogokoenaren saria. Mikel Arruti (Lasarte-Oria, 1999) izan da saritua, eta Leire Mayozi hartu dio lekukoa. Aurtengo edizioko garaile izateko puntuan ere egon da. Finaleraino iristea lortu du, baina ez, ordea, ikurrina etxeratzea. Lan bikaina egin du hasieratik amaierara arte, etengabe borrokatu dela garbi ikusi ahal izan dute ikus-entzuleek. "Pozik" dago egindako lanarekin, eta bizitakoen berri eman dio txintxarri aldizkariari.
'El Conquistador del Caribe' telesailaren XVIII. edizioa amaitu berri da, eta garaile izateko puntuan egon zara. Zer moduz zaude, pozik?
Oso pozik nago iritsi naizen lekura iritsi izanagatik. Halere, arantzatxo bat ere badut, ezin izan dudalako ikurrina etxera ekarri, baina asetuta egin dudan lanarekin. Bizipen guztietan, alderdi positiboari erreparatzen saiatzen naiz.
Lehiaketa oso ona egin duzula ikusi dugu telebistan. Zuk nola bizitu duzu abentura barrutik?
Bai, nik ere lan ona egin dudala uste dut. Talde urdina ahulenek osatu ohi dute, baina, nire iritziz, oso ongi aritu gara lehiakide guztiok. Maila pertsonalean ere ondo ikusi dut nire burua. Elkarbizitzan, taldea ordezkatzera joan behar izan dudanetan, dueluetan ondo moldatu naiz. Inguruko jendeak ere esaten dit lehiaketa ona egin dudala. Gustura geratu nintzen egindako lanarekin, eta orain, etxetik telesaila ikusita ere pozik nago. Ezagutzen dut esperientzia bizi eta kanpotik ikusi eta gero sentsazio ezberdinak izan dituen lehiakiderik, baina niri ez zait halakorik gertatu.
Balorazioa positiboa da orduan.
Bai, eta iaz gertatu zena eta gero, are gehiago.
Estrategia zehatzen bat jarraitu duzu?
Ez, etorri dena etorri bezala bizitu dut. Hori bai, garbi nuen hasiera-hasieratik %100 ematea ezinezkoa zela. Telesaila gogorra da; ez duzu ongi jaten ezta deskantsatzen ere, hortaz, hasieratik dena ematen baduzu, iristen da momentu bat gorputzak ezin duena aurrera jarraitu. Ikusi ditut hasieratik jarrera hori izan dutenak, eta, adibidez, zauri asko egin dituztenak eta horiek sendatzeko zailtasunen ondorioz, bidean geratu direnak. Beti irabaztera joan behar da, baina indarrak neurtuz; gorputza zaintzea oso garrantzitsua da. Saiatu naiz liskar askotan ez sartzen, horrek ondorioak izan zitzakeelako nigan, baina, gainerakoan, ez dut estrategia berezirik erabili.
"Gustura geratu nintzen egindako lanarekin, eta orain, etxetik ikusita pozik nago"
Orduan, estrategia ez da beharrezkoa telesailean parte hartzeko.
Ez da ezinbestekoa, baina nik esango nuke, hasieratik arreta deitzea ez dela ona.
Finalera iristea lortu duzu, baina ikurrina ezin astindu geratu zara. Zerk huts egin zuen? Uretan banderatxoa ezin aurkitu ikusi zintugun.
Zozketan ez nuen zorterik izan, uste baitut nirea zela urrunen zegoen banderatxoa. Gainera, begi bistara iruditu zitekeen laranja kolorekoa izanagatik ikusteko errazena izan zitekeela, baina urazpiko begetazioaren ondorioz, ez zen garbi ikusten. Proba amaitu ostean, urpekari batek eraman ninduen nirea non zegoen ikustera, eta hark, gordeta zegoen leku zehatza bazekien arren, kosta egin zitzaion aurkitzea. Topatu zuenean esan zidan non zegoen, eta jarraitzen nuen garbi ikusi ezinik. Gainera, ukipen lenteak erabiltzen ditut eta finalerako proban jantzita neramatzanez, galdu egin nituen uretan. Horiek hartu edo ez erabaki behar izan nuen zein proba egitea egokituko zitzaigun jakin aurretik. Bagenekien finala jokatzera gindoazela, baina ez uretan aritu beharko ginenik; hortaz, lagungarri izango zirelakoan hartzea erabaki nuen, baina galdu egin nituen. Orokorrean ez nintzen oso fin aritu.
Nola bizitu zenuen egun hura?
Une hartan amorru handia sentitu nuen. Nire burua oso ondo ikusten nuen finalean. Indartsu sentitzen nintzen, eta frogaren ezaugarriak ikusita uste dut oso aproposa zela niretzat. Lehiaketa osoan zehar sentitu dut nire gorputza oso ondo erantzuten ari zela, uste baino askoz hobe.
Eta platotik?
Platotik egoera kudeatzea ez da erraza. Nik dagoeneko banekien ez nintzela garailea, baina argitu gabe zegoenez, posizio horretatik hitz egin behar duzu. Garaile izan zaitezkeenaren itxura egin behar duzu azken unera arte, jakin badakizunean hori ez dela hala. Ingurukoekin berdin gertatzen da, haiek ere ez baitakite zer gertatuko den. Zirraraz ere bizitzen dira une asko, senide eta lagunak bertan egon ziren, eta horien babesarekin dena da errazagoa.
"Ez nuen zorterik izan finala jokatzeko zozketan eta ez nintzen fin aritu"
Finala bera inoizko bereziena izan da; bi garaile izan ditu lehenengoz.
Oso berezia izan da guztiontzat. Bi garaileek uste zuten berdinketa egin zutenez, beste probaren bat eginaraziko zietela irabazle bakarra izendatzeko. Harrigarria izan da; batera amaitu zuten proba.
Dena den, ez zara esku hutsik geratu. Zure saria ere eskuratu duzu; ikusleen lehiakide gogokoena izan zara. Ederra da hori ere, ezta?
Banekien sari hori irabazteko aukerak nituela, jende ugarik adierazi baitzidan nahi hori. Sekulakoa izan da jaso dudan babesa. Izugarria da saria irabazi izana, baina nola gertatu den deigarriagoa da oraindik. Inoiz ez ditu aurten bezainbeste boto (24.000) pilatu ikusleen lehiakide gogokoenak, eta bigarren bozkatuenarekin (11.000 bozka) alde nabarmena egon da. Hitzik gabe geratu nintzen. Lehiakide gustukoena nor den argitu behar den unea ere berezia da, nominatuok ez baitugu gertatzen ari dena ikusten. Bizkar atzealdean dugun pantailan agertzen dira bozketa horri dagozkion datuak. Ni, adibidez, lagun baten garrasiagatik jabetu nintzen. Parez pare nituen, eurek ikusten zuten pantailan agertzen ari zena, eta garaile nintzela ikusi zuenean, sekulako garrasia egin zuelako jakin nuen ni nintzela aukeratua. Urduritasun handiko uneak dira, zirrara eta bizipen askokoak, politak horiek ere.
Beste lasarteoriatar bati hartu diozu lekukoa, Leire Mayozi.
Bai, polita izan da hori ere. Jakin zuenean gainera, idatzi egin zidan. Asko poztu zela esan zidan, eta lehiaketa oso ona egin nuela. Nik ere adierazi nion zaleen lehiakide gogokoena bigarren urtez jarraian herritarrek lortu izana oso handia dela.
Nolako keinuak jasotzen ari zara itzuli zarenetik? Eta lehiakide gogokoena izendatu zaituztenetik?
Hasieratik nabaritu dut jendearen arreta. Asko geratu naute kalean, argazkiak eskatu dizkidate, eta abar; telebistan agertzeak dakar hori. Horri dagokionez, aldaketa handia antzeman nuen hasieratik. Lehengo urtean, adibidez, abenturan gau bakarra egin nuen arren, sekulako babesa jaso nuen. Aurten, areagotu egin da jendearen erantzuna.
Iaz Dominikar Errepublikan gau bakarra igaro eta lehiatzeko aukerarik gabe bidali zintuzten etxera. Aurten, ordea, finala jokatu duzu. Garbi geratu da injustua izan zela lehengo urteko erabaki hura eta merezi zenuela hor egotea, ezta?
Bai, baina ez aurten finalera iritsi izanagatik bakarrik. Uste dut abentura bizitzeko aukeratzen duten lehiakide guztiek merezi dutela bertan parte hartzeko gutxieneko aukera bat. Aurten, egin dudan ibilbideak erakuts dezake merezi nuela lehiatzea, baina hori hala izan ez balitz ere, hau da, adibidez lehenengo dueluan kaleratua izango banintz ere, mereziko nuen berdin berdin.
"Prestaketa fisikoari bezala, mentalari ere garrantzia eman diot aurten"
Kendu duzu arantzatxoa?
Iazko arantzatxoa kendu dut aurtengo parte hartzearekin, baina finala ez irabazi izana, berriz, betiko geratuko da nigan; beste arantxo bat da hori.
Fisikoki irabazteko prestatu zinela esan zenigun lehengo urteko elkarrizketan. Aurten ere aurreprestaketa eginda joan zara?
Iazkoaren prestaketa oso antzekoa egin dut aurtengo lehiaketarako; abenturan gainditu beharreko teknikak praktikatu nituen. Jende dezentek adierazi dit aurten, itxuraz fuerteago ikusi nauela, baina adin kontuagatik dela esango nuke. Nire adinean [22 urte ditu] urte batetik bestera aldaketa nabarmenak gertatzen dira, baina prestaketa fisikoa, iazkoaren oso antzekoa izan da. Prestaketa mentalari garrantzia eman diot aurten; abenturara abiatu baino hilabete lehenago psikologoarengana joaten aritu nintzen.
Ezinbestekoa da egoera fisiko on bat izatea, baina mentalki ere prest egon behar da hainbat egoerari aurre egiteko, ezta?
Bai. Fisikoki gaitasun batzuk behar dira lehiaketan aurrera egin ahal izateko, baina mentalki ere prest joatea oso garrantzitsua dela uste dut. Hemendik aurrerako abenturetara joan nahi dutenei esango nieke %100ean mentalizatuta joateko.
Lehiaketak aurrera egin ahala bizitzen dira momentu gogorrak, eta, horiei, fisikoki baino, mentalki aurre egin behar zaie. Niri, %100 mentalizatuta joan arren, zenbait une oso-oso gogorrak egin zaizkit, pentsa lanketa hori egin gabe joaten direnentzat...
Eta nola ikusi duzu zure burua zentzu horretan?
Mentalki ere indartsu sentitu dut nire burua. Hasieran, egokitzen ari nintzenez, zaila egin zitzaizkidan zenbait momentu, baina apurka-apurka martxa hartu nuen. Gogoan ditut bizitako zenbait une zail, lauzpabost gau lorik egin gabe pasa genuenean, edota denbora batez arroparik gabe egon ginenean… Pentsa, bost egun lorik egin gabe pasa eta gero, kanpamentu oso pobrera joan ginen eta inoizko gaurik onena igaro nuen, lo gehien egin nuen gaua izan zen, dagoeneko arropa eta lotarako zakua eman zizkigutelako.
Zer izan da onena? Eta txarrena?
Onena abentura bizitzea izan da, baina batez ere Unai [lehiakidea] ezagutu izana. Ia egunero elkartzen gara eta sekulako harremana egin dugu, lagun oso on bat eman dit telesailak. Badaude beste bizipen on gehiago ere, baina hori izan da bereziena. Iaz gertatu zitzaidana gertatu izan ez balitzait, aurten ez nuen bera ezagutzeko aukerarik izango. Hala gertatu behar zuen, bestela ez ginen elkartuko aurten.
Txarrena, berriz, lehiatzera joan aurretik goseari aurre egitea izango zela uste banuen ere, eltxoen ziztadak izan dira. Ez nuen hainbeste sufrituko nuenik espero; eromena izan da. Ez geneukan ziztaden hazkura arintzeko produkturik. Saiatu ginen buztinarekin, baita txizarekin ere, baina ez zegoen azkura baretzeko modurik.
"Gogorrena goseari aurre egitea izango zela uste nuen, baina eltxoen ziztadak izan dira"
Gertukoek nola bizitu dute zure parte hartzea?
Telesailean nengoen bitartean ezjakintasun eta urduritasunez, batez ere bukaera aldera. Programaren bidez jakiten zuten ezer gutxi nitaz, eta egunak aurrera egin eta etxera bueltatzen ez nintzela ikusirik, pentsatzen zuten lehiaketan aurrera egiten ari nintzela.
Behin etxera itzulita, bazekiten ondo nengoela eta asko disfrutatu dutela esango nuke. Orain, aurtengoa amaituta, uste dute lehiaketa ona egin dudala eta pozik agertu dira; harro daudela ere esatera ausartuko naiz. Arrutiren aitak eta osabak Lasarte-Orian duten tabernara joatea besterik ez dago hori hala dela baieztatzeko; orain gutxira arte ez zeuden bi argazki berri ikus daitezke hormetan zintzilikatuta. Seme eta iloba agertzen da horietan, telesaileko une izoztu batzuk dira.
Itzultzeko aukera eskainiko balizute, joango zinateke berriz?
Oraintxe ez nintzateke bueltatuko, aurrerago agian bai. Ez dakit zein baldintzatan joango nintzatekeen, baina joatekotan, uste dut lehiakide ohien edizio batera joango nintzatekeela. Momentuz, lehiakide berriekin joatea ez dut ikusten.
Eskerrak emateko baliatu nahi izan du elkarrizketa hau. Telesailari batetik, lehiakide izateko aukera emateagatik, eta etxeko gertukoei bestetik, horiengandik jaso duen babesagatik.