Racing de Santander taldeak irabazi du Jose Martija V. Futbol Topaketa

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 22a, 11:30

Hamabi futbol taldeetako gaztetxoek Jose Martija V. Futbol Topaketa jokatu zuten hilaren 18an, Michelin Kirol gunean. Beroari aurre eginez, Racing de Santander gailendu zen Beasainen aurkako finalean. Ostadar SKT finalerdietara iritsi zen; Texas Lasartearrak, berriz, kontsolazio finala garaitu zuen. Javier Olaizola entrenatzaile eta jokalari ohiari omenaldia egin zioten

Ilusioa eta beroa izan ziren nagusi hilaren 18an Michelin kirol gunean. Los Chavales de Martija antolatuta Jose Martija V. Futbol Topaketa izan zen. Ekimenak hamabi oinarrizko-futbol talde batu zituen eta giro ederrean, futbolaz gozatu zuten guztiek.

Baloia zelaian martxan jarri baino lehen ordea, antolatzailek ekimenari emandako babesarengatik Javier Olaizola entrenatzaile eta jokalari ohiari omenaldia egin zioten. Ber ibilbideko bideo bat ikusi eta Martijaren alargun Nieves Lopezek txapela jantzi zion oroigarri gisa.

Topaketak bi zati izan zituen. Lehenean Real Sociedad, Real Racing Club, Eibar, Real Union, Mirandes, Vasconia, Beasain, Igeltegi, Martutene eta Añorga zein Lasarte-Oriako Ostadar SKT eta Texas Lasartearra hiru multzotan banatu ziren ligaxka bat jokatzeko.

Ostean, emaitzen arabera, Champions eta Europa Leagueak jokatu zituzten taldeek; Ostadar Champions Leaguearako sailkatu zen; Texas Lasartearra, berriz, Europa Leaguean.

Ostadarreko gaztetxoak finalaurdenean Añorga 0-1 garaitu eta finalerdira iritsi ziren. Aurkari gogorra egokitu zitzaion ordea, Racing de Santander. Kantabriako taldeak 4-0 irabazi zuen kanporaketa eta Besainekin batera finalera iritsi zen.

Beroa hain zen handia, osasun profesionalen aholkuak jarraikiz, neurketa ordu betez atzeratu behar izan zutela. Jokatzeko gogoekin zeuden gaztetxoak eta argi geratu zen epaileak hasiera seinlatu bezain laster. Racing nagusitu zen 5-1 eta Jose Martija V. Futbol Topaketako sari nagusia eraman zuen Santanderrera.

Europa Leaguean, aldiz, Texas Lasarterrak altxa zuen kontsolazioko garaikurra. Finalerdian Martuteneren aurka neurtu zituen indarrak eta 3-1 gailendu zen herriko taldea. Finalean, Real Unionen aurka jokatu behar izan zuen eta 0-1 irabazi zuen Texasek.

Argazkiak: Txintxarri/Txema Valles

Erlazionatuak