Ostiral arratsaldean aurkeztu dute udaletxean Jsoe Martijaren omenezko V. Txapelketa. Bi urteko hutsunearen ondoren, berriro eutsi diote "hastea horrenbeste kostatu" zitzaien jarduera. Arazoak ez zaizkiela falta izan aitortu du Javier Martinezek, baina "denen ahaleginarekin" bueltan dira.
Hamabi taldek parte hartuko dute. Girondens de Budeosek ezingo du etorri eta haren ordez Racing de Santander ariko da. Ekainaren 18an 10:00etan hasiko dute txapelketa. Aurrez, omenaldia egingo diote Jose Martijari eta urtero bezala futbolean aritu den herritar bati saria emango diote, oraingoan, Javi Olaizola izango da.
Ohi bezala, hamabi taldeak bazkaltzera gonbidatuko dituzte eta Donosti Cup prestatzeko ohorezko infantilen partida bat ere jokatuko dute. Alebin kategoriako txapelketa da, 2011 urtekoak, zelai txikian jokatuko dute eta 20 minutuko partidak izango dira, zazpi jokalari gehi atezaina. Guztira, 250 bat haur.
Ricky Diezek eskerrak eman dizkio alkateari eta udalari erakutsitako babesagatik. "Gogorra" izan da bi urteren ondoren berriz abiaraztea, baina taldeen eta babesleen laguntzari esker egin dute. Txapelketa hazten ari dela diote eta asko gustatzen zaiela sortzen zaien giroa. "Martijaren jokalari ohiak elkartzen gara, ia 50 urte ditugunak, pasadizioak kontatzen dizkiogu elkarri, gure seme-alabak laguntzera etortzen dira... Uste dut berak nahi zuen onena sustatzen dugula futbola eta adiskidetasuna". Ilusio horrekin 9:00etatik 19:00etara ariko dira eta herritarrak animatu dituzte giroaz gozatzera.
Agustin Valdivia alkateak eskerrak eman dizkie txapelketa antolatzeagatik, baita Jose Martija aintzatesten jarraitzeagatik ere. "Pandemian etxean egon behar izan genuen eta kirol ekimenik ez zegoen, denok ikusi genuen gure seme-alabentzat zeinen garrantzitsua den kirola egitea. Jose Martijak herrian zeuden haurrak batu zituen, bereziki Sasoetakoak, eta balio batzuk irakatsi zizkien".