30 urte beteta bueltatu dira plazara

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 17a, 16:00

Martxoaren 28an bete zituen Semblantek 30 urte, baina pandemia medio, ezin izan zuten ospakizunik egin. Orain, ordea, Rocioko erromeria baliatu dute horretarako. Oroigarri bana oparitu diete sorreratik bazkide diren kideei. Orain arteko ibilbideaz hitz egin dute TXINTXARRI-rekin zuzendaritza taldeko Juan Navarrok (lehendakaria). Jose Perezek (lehendakariordea) eta Juan Jose Iñigok (idazkariak)

1991. urtean eman zituen lehen urratsak Semblante Andaluzek. Gaur egungo bazkide hainbaten seme-alabak Mari Carmen Vegasekin –elkarteko bazkide eta dantza irakasle– sevillanak dantzatzen hasi zirela kontatu dute, eta gogoratu, urte horretan Cocherasen egin zutela lehen dantza erakustaldia ikasle haiek, urriaren 12an.

Ohartu ziren, ordea, Gipuzkoan andaluziarrak ordezkatzen zituzten elkarterik apenas zegoela –garai hartan, Arrasateko Al Andalus soilik existitzen zen–, eta bertakoei aholkularitza eta laguntza eskatuta abiatu zuten herrikoa sortzeko prozesua. Horretarako, ordea, bazkideak biltzea ezinbestekoa zen, eta lan hori ere egin behar izan zuten: "Olivetti idazteko makina batekin osatu genuen lehen bazkide zerrenda eta 1992. urteko martxoaren 28an eratu ginen elkarte gisa". 100 pezetako bazkide kuotak kobratzen zituzten orduan, "oinarrizko gastuei" aurre egin ahal izateko. Blas de Lezoko lokal batean ireki zuten lehen elkartea,  eta denbora bat bertan egin ostean joan ziren egungora, Atsobakar auzora.

Lehen pauso eta esperientzia haietatik 30 urte igaro dira dagoeneko, eta egungo egoeraz ere hitz egin dute. Pandemiak eragindako osasun larrialdi egoerak utzitako "arrastoak gainditzeko ahaleginetan" ari da zuzendaritza taldea. Rocioko erromeria egin berri dute, eta gitarra eskolak ematen ere hasi dira. Bide batez, instrumentu hori ikastera animatzen direnei deia luzatu diete: "Sevillana, runba edo Paso Dobleren bat edo beste jotzen ikasiko dute, baina, batez ere, instrumentua maitatzen". Asteartetan dira saioak, 17:00etan elkartean bertan, hortaz, parte hartu nahi duenak, bertara azaldu besterik ez du egin behar.

Gogotsu begiratzen diote etorkizunari, baina belaunaldi aldaketa baten beharra ikusten dute. Kontatu dute gazteak inplikatzen direla, baina eurek egiten dituzten lanen ardura hartzerako orduan, pauso bat egiten dutela atzera: "Egoera horri nola aurre egin aztertu beharko dugu; pentsatzeko beste modu bat dute". 

Bost hilabete egin ditu jada Navarrok lehendakari gisa, eta orain artekoaren balorazioa egin du. "Esperientzia ona" izaten ari da, eta hori hala izan dadin lagungarri zaio ondoan duen taldea: "Esperientzia dute eta izugarri laguntzen naute. Elkarlan handia dago, eta hori oso garrantzitsua da. Eurak ondoan izango ez banitu, ez nukeen kargua hartuko".

"Ohore handia" da Navarrorentzat elkarteko lehendakari izatea, baina "erantzukizun handia" eskatzen duela ere nabarmendu du: "Orain arteko lehendakariek lan bikaina egin dute, eta nik ere bide horri eutsi nahi nioke". Hilabeteek aurrera egin ahala, geroz eta konfiantza handiagoz ari dela aitortu du, esperientzia batzen ari dela.

Martxoaren 28an bete zituen Semblantek 30 urte, baina pandemia tarteko, ezin izan zuten ospakizun berezirik egin. Orain,ordea, osasun egoera hobetu dela baliatuz, Rocioko erromeria baliatu dute horretarako. Oroigarri bana oparitu diete sorreratik bazkide diren kideei, eta aipamen berezia egin Blas Delgado bazkide sortzaileari.