Rocioko erromeria Atsobakarrera ekarri du Semblante Andaluzek asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 12a, 21:41

Semblante Andaluz elkarteak Rocioko erromeria ospatu du asteburuan Atsobakar parkean. Bi urteko etenaren ondoren eta elkartearen 30. urteurrenarekin bat eginez, festa giroak hartu du ingurua. Andaluziako doinuek eta dantzek bete dute azken bi egunetako egitaraua.

Huelvako El Rocion hilabete hasieran ospatu zuten erromeria eta astebete geroago Lasarte-Oriara ekarri du erromesaldiaren izpiritu bera Semblante Andaluzek. Hamaika ekimen izan dira asteburuan eta egun handia gaur izan da. Zumaburuko Arantzazuko Ama parrokian ohiko meza rozieroa egin dute. Altarearen albo batean Rocioko ama birjinaren irudia zegoen, bestean, berriz, eskaintzarako olibondoa, gozoak eta olioa. Semblante Rociero koruak girotu zuen elizkizuna, eta amaieran, Duende taldeo lau neska gaztek dantza egin dute.

Meza apiril erdialdean hil zen Ramon Uribe Etxebarria apaizari eskaini diote meza, elkartearen alde egin duen guztia eskertu eta aitortzeko. Elizkizuna bukatzean, zenbait kideri domina bana jarri zieten eta hunkituta jaso zuten, artean, elkarteko presidente Juan Navarrok. Ohi bezala, salve rozieroa abestuta amaitu dute.

Elizatik irtetean, dantza egin dute aurreko zabalgunean. Bertan ziren prozesioaren aurrealdean joan diren zaldiak eta haiekin argazkia egin dute batzuek, beste batzuek andaluziar jantzi koloretsuak soinean dantza egin duten bitartean. Irudia sorbaldan hartuta, Kale Nagusian barrena joan dira elkarteko kideak eta lagunak. Kale Nagusitik barrena osatu dute Atsobakar parkera arteko bidea. Bidean noizean behin gelditu dira dantza egiteko eta irudia sorbaldan zeramatenak aldatzen joan dira ere. Udaletxe aurretik abiatzean, esaterako, elizkizunean izandako Agustin Valdivia alkatea izan da laukoteko bat.

Bazkal ordurako heldu dira erromesak parkera. Bazkaldu aurretik, udal ordezkariek topa egin dute Ohorezko ardoarekin eta eskainitako mokadu goxoak ere dastatu dituzte. Ondoren parkean barreiatutako mahaietan otordua egin dute, bakoitzak eramandakoa eta elkarteko sukaldariek prestatutako paella.

Bazkalostean dantzan jarraitu dute. Atzerapenarekin joan da egitaraua, beraz, audio probetako musika baliatu dute sevillanetarako. 17:30ak aldera, elkarteko bazkideen talde argazkia egin dute; kamiseta beltza soinean zutela eszenario aurrean jarri dira elkarrekin irudia egiteko. Ondoren, bertaratutako guztiei luzatu diete gonbita. Halaber, Semblante Rocieroko kide bat ere omendu dute.

Ondoren, elkarteko dantza taldeak aritu dira oholtzan, baita gonbidatutako Hernaniko Jakaranda, Irungo Embrujo Andaluz ere. Errenteriako Aljarafe eta Concha Rociera taldeek, berriz, Andaluziako doinuekin girotu dute arratsaldea. Herri dantza ez da falta izan, ezta Alma Flamencaren moda desfilea ere. Eta erromeria amaitzeko, hasierara bueltatu dira Semblante Rociero eta Duende taldeen emanaldiekin, Rocioko ama birjina agurtu aurretik.