'NEURE KABUZ'

Kaka nahaste baten burrunba

Julen Basterra 2022ko eka. 17a, 07:48

Loratu ziren udaberriaren hasiera iragartzen zuten San Jose loreak. Apirileko elorri zurien loreak maiatzean ere bildu nituen, infusioan hartuta tentsioa erregulatzen dutela irakurri bainuen Garbiñe Larrearen Sendabelarrek dakitena liburuan. Kalendula laranjak ere biltzen ibili naiz, azken hilabetean malbekin batera sekatzen utzi ditudanak. Kaputxinak ere une honetan polit-politak daude eta entsaladetan lore zein hostoak jan eta jan aritu gara letxuga falta konpentsatzeko.

Baratza polita egin dugu aurten eta uztaila, uztaren hilabetea, bertan dugu ia. Aste beroa dator orain eta bazkalosteko ordu hauek aprobetxatzen ari naiz lerro hauek idazteko.

Nekazaritzarekin eta osasunarekin lotuko dut gaur asuntoa. Euli zikinak etxean sartu zaizkigula aprobetxatuz euli gogaikarri baten rola jokatzera nator. Aldez aurretik barkamena eskatuko dizuet, hegaldi desatsegin honekin belarria aztoratzeagatik, baina, euli xamarrak garenontzat iraganeko kaka honek, kaka zahar honek gaur egun osasunaren arloan gertatzen ari den kaka fresko honekin duen antzekotasuna aipatu beharrean aurkitzen naiz.

Iraganetik hasiko naiz, kaka zaharretik: ni ez nintzen bizi garai hartan, 60ko hamarkadan, 70koan, 80koan... 90ekoa bainaiz ni. Alabaina, giroa urte horietan kakaztu zela uste dut, edo agian XVII. mendeko korronte filosofikoen eraginaren ondorio da gaur bizi duguna. Tira, ezingo diogu artikulu labur bati hainbeste zehaztasun eskatu... Kapitalismoaren hazkundea itzela izan zen ni jaio aurretiko garai hartara itzuliko naiz...

Garai hartan, bazirudien, denak zuela gorantz egiteko joera, produktibitateak, soldatak, jendeak eskuratu ahal zituen gailu kopuruak... Gauzak honela, etenik gabeko hazkunde horri eustea posible zela uste izan zuten askotxok. Materialismo bortitza, garapen zientifikoa, berrikuntza teknologikoa, gizakia naturatik bereizten duen oinarri filosofikoa... ezaguna zaigu, bai? Ba magma horretan, mentalidade materialista hau nekazaritzan txertatzea ekidin ezina izan zen. Hala, euren fruta eta barazkiak “modu ekologikoan”, alegia, naturarekin bat etorriz, ekoizten zituzten baserritarrek, euren produkzioa hobetzeko, handiagotzeko eta hazteko joera kapitalista horrekin bat egin zuten.

Jakina, lurraren erritmoak iada ez ziren garrantzitsuak. Ongarri kimikoekin, herbizida zein pestizidekin eta noski, teknologia berriekin lurrari izugarrizko etekina ateratzea egin behar berria zen orain, eta hala jokatzen ez zuena hutsaren hurrengoa zen. Gutxi batzuek soilik eutsi zioten manipulazio mediatiko, politiko eta sozialari. Gaur egun, “nekazaritza ekologikoa”ren barruan kokatzen ditugun baserritarrak dira hauek. Alegia, lurrari lotuak gauden izakiak garela kontziente izanik, lurraren oreka errespetatzeko mentalidadeari eutsi diotenak. Hauei esker, lurra kimikoki ez medikatzea baizik eta lurra "ekologikoki" ulertzea da gaur egun sozialki "ondo" dagoen produkzio modua.

Bestalde, zer pasatzen ari da gaur osasunarekin, medikamentuekin, eta konkretuki, txertoekin? Bada, gure gorputzaren oreka nolakoa den ulertu gabe arazo puntualei aurre egiteko medikatzen ari garela iraganeko lurra kimikoekin medikatu genuen presa eta ezjakintasun berarekin. Manipulazioaren dinamika antzekoa da, aktoreak antzekoak dira, kakaren usaina ere antzekoa da... manipulatu dutena da aldatu dena: garai bateko lurra gaur, geure gorputz propioa da. Eta bere gorputza kimikoki medikatzen edo txertatzen ez duena da gaur egun hutsaren hurrengo, sozialki "gaizki" egiten duena.
Bukatzeko, galderak airera, etxe barruko eulien burrunbak erotu baino lehen: Gai izango al gara nekazaritzan lurraren oreka ulertzen ari garen bezala geure gorputzaren oreka nolakoa den ulertzeko? Gai izango al gara nekazaritzan kimikoak gutxiagotu ditugun bezala kimikoak ere geure gorputz propioetatik hurrun mantentzeko? Gai izango al gara, benetan, osasuna zer den ulertzeko?

Kaka zahar eta berriak ongarri bihur daitezen esperantzarekin agurtzen da eulitxo hau. Izan ere, kakazturiko giro hauetan, posible al da euli ez izatea? Baratzea ureztatzera joango naiz. Utz ditzagun euli zikinak etxe barruko kaka nahastean...