Bigarren eskuko liburuen azoka egingo du Oriartekide guraso elkarteak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 14a, 13:47

Datorren kurtsorako ikasliburuak erosi ahalko dituzte herritarrek laster, Oriartekide guraso elkarteko lagunek egingo duten azokan; DBH 3. mailatik 2. Batxilergora artekoak eskainiko dituzte. Hilaren 21ean materiala jaso, 23an saldu eta 24an jasoko dute dirua, Oriarte Larrekoetxe institutuan. Guraso elkarteko bazkide direnek lehentasuna izango dute.

Esan bezala, liburuak entregatzeko eguna hilaren 21a izango da, asteartea, 16:00etatik 18:00etara. Bi egun geroago erosi ahalko dituzte interesa dutenek, 16:00etatik 18:00etara baita ere, eta dirua 24an eman beharko dute, 16:00etatik 17:30era. Oriarte Larrekoetxe eraikinean egingo dute hori guztia. Azokaren harira, Oriartekidek zenbait ohar kaleratu ditu:

  • Guraso elkarteko bazkideek lehentasuna izango dutela azokan.
  • Bazkide ez direnek 17:30etik 18:00etara joan beharko dutela.
  • Bazkide ez direnek 5 euro gehiago ordaindu beharko dituztela liburuak erosteko, eta saltzen duten bakoitzeko 5 euro gutxiago jasoko.
  • Ingelesari dagokionez, Student Book delakoa bakarrik saldu ahalko dela, eta bertako ariketek ez dutela eginak egon beharko.
  • Ikasliburuek egoera onean egon beharko dutela, puskatu gabe, eta erabiltzeko moduan. Guraso elkarteak berak baloratuko du azokan salgai jartzeko baldintzak betetzen dituzten ala ez.
  • Bigarren eskuko liburuen prezioa izango da berriak direnen erdia, gutxi gorabehera, salneurriak borobildu egingo baitira.
  • Dirua emateko egunean jasotzen ez den materiala edo dirua guraso elkarteak jasoko du, eta kontrakorik esaten ez bada, haren ondare bilakatuko dira.

Horrez gain, Oriartekidek zehaztu du ez duela liburu berririk salduko aurten, eta halakoak nahi dituztenei gomendatu die Lasarte-Oriako edo Usurbilgo dendetara joateko.

Kontzentrazioa ostiral honetan

Bestalde, guraso elkarteak gogorarazi du segitzen duela eskatzen datorren kurtsoan lanaldi jarraitua izatea, eta hirugarren mobilizazio ekintza egingo duela ostiral honetan, hilak 17, Oriarte Landaberri institutuaren atarian. 14:10ean hasiko dira protestatzen, eta hogei minutu inguruz ariko dira. 

Guraso elkarteak galdetegi bat zabaldu zuen Oriarte BHIren komunitateko kideen artean, eta hauek izan dira emaitzak:

  • 369 familiek erantzun dute, eta %97,6k egin dute lanaldi trinkoaren alde.
  • 220 ikaslek parte hartu dute, eta %98,2k adierazi dute nahiago dutela jardunaldi jarraitua.
  • 71 irakaslek bete dute galdetegia, eta denek aukeratu dute lanaldi trinkoarekin jarraitzea. 
Erlazionatuak