Lanaldi jarraituarekin jarraitzea eskatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 3a, 14:56

2022-2023 ikasturtean ez dute lanaldi jarraiturik izango EAEko institutuek. Hala erabaki du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, eta hori salatzera irten dira Oriartekide guraso elkarteko kideak eta Oriarte Landaberri institutuko ikasleen gurasoak

Hogei minutuko kontzentrazioa egin dute ikastetxe atarian, eta datozen egunetarako ere iragarri dituzte mobilizaziorako deialdi gehiago. Ekainaren 10ean eta 17an izango dira datorrenak, leku berean. Sinadura bilketa ere egin dute. Mahai bat jarri dute eta gurasoek sinatu dituzte bertan jarritako paperak. 

Guraso elkarteak galdetegi bat zabaldu zuen Oriarte BHIren komunitateko kideen artean, eta hauek izan dira emaitzak:

  • 369 familiek erantzun dute, eta %97,6k egin dute lanaldi trinkoaren alde.
  • 220 ikaslek parte hartu dute, eta %98,2k adierazi dute nahiago dutela jardunaldi jarraitua.
  • 71 irakaslek bete dute galdetegia, eta denek aukeratu dute lanaldi trinkoarekin jarraitzea. 

Horrez gain, Jaurlaritzako Hezkuntza kontseilari Jokin Bildarratzi eskutitz bat bidali dio Oriartekidek, eta baita sailburuorde Begoña Pedrosa eta Gipuzkoako ordezkaria den Amaia Urzelairi. Era berean, Lanaldi Jarraituaren Aldeko EAEko Plataforman sartu dira.