Gurpilari eragin eta eragin zabiltzan bitartean, bidelagun bat duzu, sakelako telefonoa. Jakinarazpenak bidaltzen dizkizu, tantaka, baina etengabe. Kapritxosoa duzu laguna, eta beti zure arreta nahi du, zerbait berria ikasi duen ume baten antzera: Whatsappa dela, emaila dela, Twitter, Instagram, Facebook... 'Begiratu bideo barregarri hau', 'begiratu soineko polit hau', 'begiratu zein azal leuna uzten dizun krema honek'.
Gaueko 22:00ak dira. Umeak oheratuta daude. Zure momentua da, baina jota zaude. Goizeko 07:00etatik ez zara geratu. Zerbait bueltaka duzu barrunbean, baina orain ez da ateratzeko unea. Ez daukazu hitz egiteko gogorik. Telebista piztu duzu, Netflix. Beti dago galdu ezin duzun telesailen bat. Edo agian gaur ez daukazu gogorik, eta zure laguna piztu duzu berriro. Bateria kargatzen jarri beharko dela ohartu zara. Norena, ordea?
Erritmo horretan bateria kargatzeko astirik ere ez daukazu. Noiz egingo duzu? Bi eguneko asteburuan? Oporretan? Alegia, beti planifikatuta dituzun une horietan? Noiz hitz egingo duzu kezkatzen zaituzten arazoez? Noiz emango diozu tarte bat lagunari, familiari, eta, batez ere, zure buruari? Noiz geratuko zara non zauden eta zertan ari zaren hausnartzeko? Nonbaitera eramaten zaitu gurpil horrek? Amildegira?
Beste jakinarazpen bat. Ez, ez daukazu hausnartu beharrik. Segi gurpilari eragiten.