Filosofo peripatetikoek egiten zuten bezala, Zalduak bitan banatu du saioa: lehen zatian, berak eman ditu Lasarte-Oriako leku izenen gaineko azalpen eta xehetasunak; bigarrenean, partaideek aukera izan dute edozer gauza galdetzeko. Hasi aurretik, Artelatz enpresako ordezkari Mikel Urruzolak aurkeztu du aditua, eta ibilaldiaren nondik norakoak xehetu.
Aurkezpenak eginda, Antxuenea plazarantz abiatu dira. Bertan esplikatu du Zalduak nondik datorren Tximistarreta izena. Tximista eta harria hitzen baturatik sortutako izena da. "Antzinako garaietan, euskal herritarrentzat izaera jainkotiarra, sakratua zuen tximistak; zerutik baten bat erori eta lurra jotzen bazuen, pentsatzen zuten zazpi urte beharko zituela gainazalera itzultzeko. Hori egiten zuenean, tximista aizkora bilakatzen zen. Hori zen tximistarri bat haientzat".
Gisa horretako beste azalpen harrigarri ugari eman ditu adituak, ibilbidea osatu ahala. Ordu eta erdi inguruko saioa egin dute, arratsaldeko eguraldi nahasiak tregoa apur bat emanda. Euria egin du, baina tximistarik ez da erori.
Birziklatzeko erronka eta garbiketa
Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren bueltan (hilak 5) antolatu dute Aste Berdea. Lur bakar bat da aurtengo leloa, lurrak larrialdi hirukoitz bati aurre egin behar diolako: klima azkarregi berotzen ari da; milioi bat izaki bizidun inguru desagertzeko arriskuan daude; eta kutsadurak airea, lurra eta ura pozointzen jarraitzen du.
Testuinguru horretan, beste bi jarduera egin ahalko dituzte herritarrek. Gaur, 16:00etatik 20:00etara, informazio gune bat izango dute eskura Okendo plazan, hiri hondakinak nola birziklatu behar diren jakiteko, eta bihar, Oria ibaiertza garbitzera joan ahalko dute. 09:30ean jarri dute hitzordua antolatzaileek, Okendo bertan. Garbiketarako materiala Artelatz enpresak eramango du.