Zer da toponimia?
Toponimo bat da toki baten izena; segun eta zer ezaugarri dituen, kategoria batean edo bestean dago. Azpikategoria mordoa daude. Zuhaitzekin zerikusia dutenei, adibidez, dendronimo deitzen zaie.
Esango nuke toponimia palinpsesto bat dela. Eta zer da hori? Garai batean, ez zuten paperean idazten, pergaminoetan baizik, normalean txekorrenak izaten ziren larru zatietan. Preziatuak ziren oso. Horietan idatzi eta 100-200 urtetara, berriak erosteko dirurik ez zutenean, hauxe egiten zuten: idatzita zegoena ezabatu, eta gainean berridatzi. Toki izenak, hein batean, hori dira: kasu honetan, euskara da pergaminoa, gure hizkuntza, eta horren gainean garai desberdinetako kontzeptuak daude idatzita.
Zeintzuk dira toponimo baten ezaugarriak?
Batetik, nahiz eta jendeari horrela ez iruditu, oso praktikoak eta erabilgarriak dira. Leku izenik gabe, oso zaila izango litzateke bizitzea guretzat. Esate baterako: gu biok hitzordu bat jarri behar badugu nonbait, toponimo bati esker jakingo dugu nora joan. Hipodromoko zubian elkar ikusiko dugula adosten badugu, adibidez. Bestetik, eta ziurrenik horregatik izango dira horren interesgarriak zenbaitentzat, oso iraunkorrak dira denboran. Hitz arruntekin gertatzen ez den bezala, toponimoak jatorrizko esanahia galduta ere, jendeak erabiltzen jarraitzen du: iraupena ez dago lotuta horien esanahia ulertzearekin. Hori dela eta, toki izenek milaka urte iraun ditzakete.
Zer esan nahi du, adibidez, 'Lasarte' hitzak?
Latx eta Arte izenetatik dator. Lehenengoak erreka esan nahi du, eta bigarrena, aldiz, tartetik dator. Beraz, erreka tartea da Lasarteren esanahia.
Nolako ibilbidea prestatu duzu gaurko? Tximistarretan jarri duzue hitzordua, 19:00etan.
Bi zatitan banatu dut. Lehenengoan, nik emango ditut azalpenak, 6-7 gunetan geratu gara. Irteera gunera itzultzen hasterakoan, partaideei aukera emango diet burura etortzen zaien guztiari buruz galdetzeko.
Pasioz hitz egiten duzu toponimiari buruz, igartzen zaizu. Nola hasi zinen gaia aztertzen?
Nola? Kasualitatez. Duela 34-35 bat urte, Euskal Filologia ikasketak amaitu nituenean, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideetako batek proposatu zidan sailetako batean izena ematea, ikerketaren bat-edo egiteko. Ni bertako bazkide nintzen orduan, baina proiektua ekonomikoki babesten nuen kuota bat ordainduz, ez beste ezer. Gustatu zitzaidan ideia, eta Etnografiara joan nintzen.
Donostian zuen egoitza Aranzadik orduan, Miramonen. Sartu nintzen gela batera, eta ikusi nituen bi langile beharrean, plano asko mahaian zituztela. Galdetu zidaten ea zer ikasi nuen, eta esan nienean Euskal Filologia egin nuela, erantzun zidaten: 'Hara, benetan? Zer ondo!'. Donostiako toponimia jaso eta garbira pasatzen ari ziren une horretan, eta galderak egin zizkidaten. Nik ikasi nuenaren neurrian erantzuten nien, eta esan zidaten jarraituko genuela harremanetan, beste lanen bat egiteko. Lagundu nien Donostikoarekin, eta gero egin genituen Urnietakoa, Lasarte-Oriakoa, Hernanikoa... Orduan hasi, eta gaur arte.
Herri edo hiri baten toponimia aztertzeko ikerketak nolakoak dira?
Onomasta garenok izen berezien jatorria zein den aztertzen dugu. Horretarako, bi iturri nagusi ditugu: idatzizko dokumentazioa, txostenak, paperak; eta ahozko bilketa, inguruan bizi direnei elkarrizketak. Hasi ginenean Urnieta, Lasarte-Oria, Hernani...aztertzen, jabetu ginen belaunaldi bat joaten ari zela, eta une hori baliatu genuen toki izenen gainean galdetzeko haiei.
Mapa hartuta joaten ginen haiengana, galdetzera. Toki izena eta informatzailea apuntatzen genituen. Batzuetan, haiek erabiltzen zuten forma eta idatzietan agertzen zirenak bat egiten zuten, Lasarte adibidez, baina beste batzuetan, desberdinak izan ohi ziren. Baserritar batengana joan, eta alboko etxaldeagatik galdetuta, Mielcampos esaten ziotela kontatu ziguten, baina dokumentuetan Miracampos azaltzen zen. Halakoetan, ahozko eta idatzizko formen arteko oreka bat bilatzea da funtsezkoena, betiere benetako jatorria eta izenaren nolakotasuna errespetatuta. Izan ere, herritarrek identifikatzeko modukoa behar du izan, haiek erabili izan dutena ez bada ere, zehatz-mehatz.
Gizakion joera naturala da ahalik eta gutxien nekatzea, baita hitz egiterakoan ere. Modu errazean hitz egin nahi dugu, baita toponimoei buruz aritzean ere. Horrekin alderatuta, idatzizko dokumentuak kontserbatzaileak dira, topa ditzakezu XVII. mendeko formak XIX. mendeko idazki batean. Horrekin ere kontuz ibili behar da, ongi dagoelako garai bateko izenak-eta berreskuratzea, baina, esan dudan moduan, identifikagarriak izan behar dute biztanleentzat.