'NEURE KABUZ'

Herrien izena, izana eta bizia

Gorka Alvarez 2022ko eka. 3a, 08:14

Badatoz eta guztiok pozten gara euren etorreraren iragarpenekin. Gertu ditugu eta bizi nahi ditugu. Aurreko urtetakoak, hamarkadetakoak, antzinakoak oroitzen ditugu eta errepikatzea nahi dugu. Herri ororen bizi poza direlako, herri baten izaera suspertzen dutelako. Herria bera direlako. Aurtengoan berriz, bizi-bizi etorriko zaizkigu horrenbeste faltan bota ditugun herriko jai zein ekintza desberdinak.

Gutxi baloratzen genituen pandemia aurreko ekitaldi sozial, bizi, elkarreragile, parte-hartzaile eta gureak diren festak. Festek izaera desberdina izan dezakete, kirol festak izan daitezke, herri tradizioetan oinarrituriko jaiak, hizkuntzaren ingurukoak baina guztiek dute amankomunean talde izaera sutsua. Talde diot ez baita erraza azken garai hauetan, jendea elkarrekin gozatzen ikustea. Bada garaia kolektiboan oinarrituriko ekintzak bere osotasunean berreskuratzeko. Lehengoa oroitu, biziberritu, izendatu eta berriz ere bizi.

Hortxe gaude,  bizipen berri kolektiboak eraikitzera bidean. Zabaletako jaiak, San Pedroak, Santa Ana jaiak,  ate joka ditugu beste hainbat ekintzen artean. Ezin ahaztu kaxoian isilpean gordeta egon diren eta herriaren identitatea garbi isladatzen duten euskararen maratoia eta Lasarte-Oria bai krosaren parekoak diren beste hainbat. 

Badatoz, bagatoz, bagoaz berriz ere biziberritzera. Bagoaz oraingoan ere ohiturak mantentzera, sinesmenak berritzera, herri baten izaeran sinestera. Izan ere, herri baten oroimenean sendo errotzen dira bere festetan ematen diren gertakari eta ekintzak. Merezi dugulako, goza ditzagun aurtengo herriko jai guztiak Lasarte-Oriatar gisara, bakoitzak nahi duen erara, elkar errespetatuz, erasorik gabeko giroan eta kontuan izanda, herritarrek egiten dutela eta egingo dutela Lasarte-Oria aberatsa, bere aktiborik garrantzitsuenean, herri izaera mantentzean, errotzean eta sakontzean.