Udal Dantza Eskolako ikasleek irekiko dute ekaineko agenda, bihar, 19:00etan: ikasturte amaierako emanaldia egingo dute kultur etxean. Kukuka eskolako lagunek hartuko diete erreleboa egun gutxi batzuetara: datorren asteko astelehenetik igandera 20. Antzerki eta Dantza Astea egingo dute. Desfile batekin hasiko dira hilaren 6an, eta 7tik 11ra ikasturtean zehar landutako lanak oholtzaratuko dituzte ikasleek, goizez zein arratsaldez. Egitaraua Tabuen kutxatik oholtzara emanaldiarekin itxiko dute; Izan Iñurri eragilearekin batera antolatu dute jarduera: (min)bizia besarkatzea du helburu bertso saio solidario horrek.
Eskola, institutu, akademia... Den-denak dabiltza antzera, kurtsoa itxi eta amaierako emanaldiak programatzen. Brancussi margolaritza akademiakoak urteroko erakusketa prestatzen ari dira. Hilaren 10etik 17ra erakutsiko dituzte aurten egindako koadroak, 18:00etatik 20:30era, Antonio Mercero gunean. Udal Musika Eskolakoek, aldiz, geroxeago emango dituzte ikasturteko azken kontzertuak: hilaren 20an eta 21ean izango dira, 19:00etatik aurrera, kultur etxeko auditorioan. Sartzeko gonbidapenak behar dira.
Jarduera tradizionalak, bueltan
Bi urteren ostean, herritarrek gogoz ospatu ohi dituzten zenbait jarduera itzuliko dira. Horietako bat da Erketz EDTk egiten duen emanaldia, kurtsoa ixteko. Hilaren 18an ariko dira, Okendo plazan, 19:00etatik aurrera. Egun batzuk geroago ere dantza egingo dute, orduko horretan San Joan suaren bueltan, Andatza plazan, iluntzean. Alboka abesbatza eta Zero Sette Akordeoi Orkestrarekin batera, Andatza plazako ospakizuna girotuko dute. 21:30ean abiatuko dira hara, udaletxetik. Sutzarra 22:15ean piztuko duela jakinarazi du udalak.
San Pedro Jaien egitarau ofizialaren eta Sorgin Jaiak-en esperoan, dagoeneko lotu ditu kontzertu batzuk udalak. Hilaren 19an boliviar jatorriko musikarien talde batek, Ensamble Moxos izenekoak, emanaldia egingo du kultur etxean, 19.30etik aurrera. Sarrerek 6 euro balio dute. Astebete geroago, Zero Sette Akordeoi Orkestraren txanda izango da: 13:00etik aurrera joko dute, Okendo plazan.
Esan dugu udalak oraindik ez dituela ezagutarazi hilaren 28tik uztailaren 2ra zer antolatuko duen, herriko festen barruan. Edonola ere, aurreratu du zerbait: hilaren 29an, San Pedro egunez, ohiko bertsolari jaialdia egingo du, 20:00etan, kultur etxean. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina, Ane Labaka eta Lierni Rekondo ariko dira koplaka, Maddi Labakak jarriko dizkien gaiei erantzunez. Sarrerek 6 euro balio dute.