Ekainaren 5an Ingurumenaren Mundu Eguna da, eta haren inguruan, Lasarte-Oriako Udalak Aste Berdea antolatu du. Ingurunea ezagutzeak hobeto ulertzen, errespetatzen eta maitatzen laguntzen duela sinetsita, Artelatz Ingurumen Zerbitzuak zenbait jarduera prestatu ditu datozen egunetarako. Lehena, gaur goizean txorien mundua ezagutzeko Lasarte-Oriako herrigunean eta landa-eremuan barrena egin dute ibilaldia. Hogei bat lagun elkartu dira Tximistarreta parkean 10:00etan. Gipuzkoako Foru Aldundiko basozain Mikel Olanoren azalpenak aditu, eta belarriak tente jarri dituzte inguruan zebiltzan txoriak entzuteko. Hiru bereizi dituzte, abiatu gabe. Olanok partaideen galdera pare bat erantzun ditu eta aldapan gora joan dira. Metro gutxira, ordea, gelditu egin dira jarritako habi kutxa baten azpian. Txorrotxioak bereizten joan da basozaina, bakoitzaren doinua nolakoa den bereizten irakasten. Prismatikoak eskuetan eta entzumena adi, asko ikasteko aukera izan dute bi bat ordu iraun duen txangoan.