Guraso elkarteak galdetegi bat zabaldu zuen Oriarte BHIren komunitateko kideen artean, eta hauek izan dira emaitzak:
- 369 familiek erantzun dute, eta %97,6k egin dute lanaldi trinkoaren alde.
- 220 ikaslek parte hartu dute, eta %98,2k adierazi dute nahiago dutela jardunaldi jarraitua.
- 71 irakaslek bete dute galdetegia, eta denek aukeratu dute lanaldi trinkoarekin jarraitzea.
Horrez gain, Jaurlaritzako Hezkuntza kontseilari Jokin Bildarratzi eskutitz bat bidali dio Oriartekidek, eta baita sailburuorde Begoña Pedrosa eta Gipuzkoako ordezkaria den Amaia Urzelairi. Era berean, Lanaldi Jarraituaren Aldeko EAEko Plataforman sartu dira.
Sinadura bilketa
Landaberri eraikinaren aurrean egingo dituzten kontzentrazioez gain, iragarri dute asteburu honetan lanaldi trinkoarekin jarraitzearen aldeko atxikimenduak jasoko dituztela, Okendo plazan nahiz Zabaleta auzoan. Ostiralean, 17:30etik 19:00etara joan ahalko dute sinatzera herritarrek, eta larunbatean, 12:00etatik 13:30era.