"Etengabe entzuten dugu ikastetxeak, institutuak, haurreskolak eta hezkuntza zentroak toki seguruak direla, baina noren lepotik? Langileek haien lan karga bikoiztu dute osasun larrialdi egoera hasi zenetik", azpimarratu dute. "Esker onak eta hitz goxoak ez, baliabideak eta baldintza laboralak indartzea eskatzen dugu". Steilas sindikatuak elkarretaratzera eta kartelekin argazkiak ateratzera deitu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza zentroak, eta Oriarte Landaberrik bat egin du ekintzarekin. Irakasleak behar ditugu!, Psikologoak behar ditugu! eta Hezkuntzan inprobisaziorik ez! lelodun afixak erakutsi dituzte gaur goizean.
Osasun eta hezkuntza publikoa
Adierazi dute osasungintzako "kolapsoak" atzeratu egin duela hezkuntzako beharginek hartu behar izan dituzten bajen kudeaketa, eta zehaztu horrek "are gainkarga handiagoa" ekarri diela, "egoera jasangaitzak" sortzeraino eguneroko jardunean. "Hori saihesteko, osasun eta hezkuntza publikoan gehiago inbertitu behar da, ezinbestean; zerbitzu publikoak erdigunean jarri behar dira".