Duela 10 urte egindako balentria oroitu dute

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 27a, 07:30

2012ko maiatzaren 26an, Ostadar SKTk Erregionalen Ohorezko Mailara igotzea lortu zuen, Zumaiakori 3-2 irabazita (joaneko partidan bana berdindu zuten). Partida horretako golak Javi Solchagak, David Martinek eta Zumaiakok berak (bere atean) sartu zituzten. Epaileak norgehiagoka bukatu zela adieraztean, pozez lehertu ziren jokalari, entrenatzaile, zuzendaritza taldeko kide eta zaleak. Aurreko denboraldietan hatz mamiekin ukitutako helburu hori lortu zuten 2011-2012 sasoian. 10 urte geroago, bazkaria egin zuten talde horretako hainbat kidek, Usurbilgo Santuenea auzoko Aialde Berri sagardotegian.

Igo ziren denboraldiko hainbat une gogoratu eta egun eder bat igaro zuten. Hauek izan ziren elkartu zirenak: Fran Toquero, Mikel Martija, Asier Garcia, Iker Pielago, Ganix Arrondo, Iosu Arteaga, Asier Sagasti, Asier Gorostegi, Gorka Belartieta, Iñaki Aristondo, Javi Solchaga, Omar Garcia, Iñigo Gonzalez, Alexander Rodriguez, Manex Altolagirre, Aitor Hernando, Arkaitz Sanchez eta David Martin.