Ostadar Ohorezko erregional mailara igo da

jon-altuna-egitegi 2012ko maiatzaren 26a

Ereiten duenak fruitua jasotzen omen du, eta hori beti horrela gertatzen ez den arren, halaxe izan da oraingo honetan behintzat. Ostadar erregionaleko mutilek denboraldi osoan egindako lan bikaina biribildu dute Michelingo berdegunean Zumaiakori irabazitako partiduarekin. O zaleen aurrean garaipen zirraragarria eskuratuz.

Gutxitan ikusi da Michelingo zelaia horren beteta. Zale asko euren bufanda eta bandera urdin-beltzak hartuta hurbildu dira bertara eta animo sutsuak eman dizkiete eurenei.
Partidua hasi aurretik, Ostadarreko kadeteei "pasillo"a egin eta Euskal Ligan jokatzeko txartela ospatu zuten. Gero, bi hamaikakoak ere bi ilaren artean atera ziren, Ostadarren bandera baten atzean.


Partidua bizia izan da, ikusteko polita eta gol askokoa gainera. Ostadarrek bere dohairik nagusiena erakutsiz jokatu du, baloia edukiz eta bere kalitatearekin arriskua sortuta hiru gol sartu baititu.

Zumaian jokatutako joaneko partiduko emaitza (1-1) alde bazuen ere, Ostadarrek gogotsu ekin dio partiduari, giroa eta etxean jokatzearen motibazioa euren alde baitzeuden. Lehen gola Javi Solchaga erdilariak sartu du etxekoentzat, gol garrantzitsua inondik ere zaila izaten baita halako partiduetan markagailua irekitzea. Ez die pozak asko iraun ordea, izan ere, lehen zatia bukatzerako gola sartu baitute Zumaiako taldekoek korner baten bidez. Lehen zatia berdinduta amaitu dute hortaz, banako emaitzarekin.

Burua hotz eta bihotza bero

Belarrondoko handi samarra hartuta joan dira Ostadarreko mutilak aldageletara. Baina Mikel Martija eta Asier Gorostegi entrenatzaileek aldagelan eurenak motibatzea lortu eta bigarren zatiari gogotsu ekin diote etxekoek. Partiduaren bila atera dira argi eta garbi. Horren erakusgarri da egin daitezkeen bost aldaketak eginak zituela Ostadarrek bigarren zatiaren erdirako.

Hala ere, biharren zatia hasi eta berehala 1-2koa sartu du Zumaiakok, eta horrek Ostadar bi gol sartzera behartzen zuen, erasoa edo erasoa, ez zeukaten beste aukerarik urdin-beltzek. Burua hotz eta bihotza bero mantenduta, euren aukeretan sinesten jarraitu dute Ostadarreko mutilek, aukera garbiak sortuz eta atzean egin beharreko lanaz ahaztu gabe. Bikain. Gauzak horrela, Bigarren zatiko 30. Minutuaren bueltan, David Martin Ostadarreko jokalariak erdiko marra baino pixka bat aurrerago baloia lapurtu eta txapela kentzeko moduko jokaldi bat egin ostean, Zumaiakoren sarea zulatzea lortu du. Entzutekoa izan da Michelingo harmailen orrua.

Partidu gogorra eta emozioz beterikoa jokatu zuten. Epaileak ikusi ez zuen penaltirik ere egon zen Ostadarren aurka, baita baliogabe utzitako gol bat ere.

Ezina ekinez egina

Lan asko zegoen egiteke oraindik, gol bat falta baizitzaion oraindik Ostadarri mailaz igotzeko eta 2-2ko emaitzarekin Zumaiako taldeak egingo bailuke aurrera. Dena den, guztia zegoen erabakitzeke eta sartutako golak emandako motibazio gehigarri hori eta zortea lagun, 3-2koa sartu zuen Zumaiakok bere atean 10 minutu inguru faltan. Halakoetan eta kirolean oro har, zoriak aurpegia eta infrentzua erakutsi ohi ditu eta oraingo honetan, Ostadarri tokatu zaio irribarre egitea, negar beste askotan egin baitute. Zorionak Ostadar, hurrengo urtean Ohorezko erregional mailan arituko dira.

Asier Gorostegi bigarren entrenatzailea airean, jokalariek airatuta. Mikel Martija berriz, Aristondo erdilariarekin besarkatuta eskuin aldean, egindako balentria sinetsi ezinik.


Garaipenaren argazkia.