Hegaztien mundua ezagutzeko ibilbide batek irekiko du aurtengo Aste Berdea, igande honetan, hilak 29. Gipuzkoako Foru Aldundiko basozain Mikel Olanok gidatuko du ekimena; 10:00etan abiatuko da txangoa, Tximistarreta parketik. Bi ordu inguru iraungo du, eta partaideek ezagutuko dituzte erreka, baso eta soro inguruetan bizi diren txori espezieak. Bi egun geroago, hilabeteko azken egunean, Froilan Elespe parke botanikora bisita gidatuak prestatu dituzte antolatzaileek: 10:00etakoa eta 16:00etakoa euskaraz izango dira, eta 19:00etakoa, gaztelaniaz. "60-90 minutu arteko saioak egingo ditugu, bertan dauden landareen aberastasuna ezagutzeko".
Toponimia, birziklapena eta garbiketa
Aste Berdea prestatu duten eragileen aburuz, toponimia "oso interesgarria" da ingurunea ezagutu eta ulertzeko. Hala, gai horretan aditua den Luis Mari Zalduaren eskutik, Lasarte-Oriako ingurune naturalean zehar ibilaldi gidatua egitea proposatu dute, ekainaren 2an, Tximistarretatik abiatuta, 19:00etan. Saioa euskaraz izango da. "Leku izenei esker, ingurumari eta hizkuntzaren arteko harreman estuaz jabetuko gara".
Hurrengo egunean, ekainaren 3an, birziklatzearen erronka egingo dute. Informazio gune bat jarriko dute Okendo plazan, eta gaika biltzen diren produktu guztiei buruzko informazioa eman. "Herritarrak motibatzeko eta edukiontzi marroira botatzen diren hondakin organikoekin egiten dena erakusteko, lauzpabost kilo inguruko poltsak banatuko ditugu, konposta egiteko; hori oso ona da ongarri gisa erabiltzeko lorategi, landare, baratz eta abarretan". Aipatu postua 16:00etatik 20:00etara jarriko dute.
Azkenik, Oria ibaiaren ertzak garbitzeko ekimen herrikoia aurrera eramango dute, 4an. "Kontzientziazio jarduera bat egitea eta kalean botatzen ditugun hondakinak desagertzen ez direla erakustea dira xedeak", azaldu dute antolatzaileek. Partaideak taldetan banatuko dituztela eta bizpahiru orduko saioa egingo dutela aurreratu dute. Amaitu eta gero, jateko zerbait emango diote herritar bakoitzari. Garbiketarako materiala Artelatzek eramango du.
"Globalean pentsatu, tokikoan jardun"
Artelatzeko ordezkari Mikel Urruzola herritarraren hitzetan, "maila globalean pentsatu baina tokian-tokian jardun behar da; horretarako, ingurune hurbilena ezagutzea erabakigarria da". Aste Berdeko jarduera guztiak "oso interesgarriak" direla gehitu du, eta doakoak. Izena eman nahi dutenek 943-67 02 49 telefonora deitu beharko dute.
Ekimen hori Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren bueltan (ekainak 5) antolatu dute. Lur bakar bat da aurtengo leloa, lurrak larrialdi hirukoitz bati aurre egin behar diolako: klima azkarregi berotzen ari da; milioi bat izaki bizidun inguru desagertzeko arriskuan daude; eta kutsadurak airea, lurra eta ura pozointzen jarraitzen du.