Buru-belarri aritu dira Oria ibaiaren ingurua garbitzen

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 25a, 13:40

Urak eta lurrak haietan utzitakoa gorde egin dezakete, baina ez desagerrarazi: lehenago edo geroago agertu egingo da. Hori ez bazekiten, bertatik-bertara ikusteko aukera izan dute goizean Oriaren ibaiertza garbitzen aritu direnek. Artelatz Ingurumen Zerbitzuak-ek eta Lasarte-Oriako Udalak antolatutako jardueran 40 bat herritarrek parte hartu dute, artean, Agustin Valdivia alkatea Maite Iglesias eta Nagore Duran zinegotziekin batera. Pala eskuan, partaideek zaborra eta zakur kaka jaso dute Zumaburu parkean eta Michelin inguruan. Eta ez gutxi. Bi orduko ahaleginaren emaitza kezkatzeko modukoa izan da.

Zumaburu parkea elkargune zuten ibaiertzaren garbiketan herrikoian izena eman zutenek. Artelatzeko kideek jardueraren nondik-norakoak azaladu dizkiete eta taldeak osatu dituzte. Ondoren, materiala hartzen joan dira: palak, kuboak, zakuak, poltsak... Hamabost bat lagun parkean gelditu dira, gainerakoek, berriz, Michelin kirolgunearen ingurura bidea hartu dute. 

Parkean gelditu dira udal ordezkariak zenbait familiarekin. Bi gune zehaztu, eta poliki-poliki aurrera egin dute partaideek. Batzuek plastikoak, zigarro-puntak, botilak, gozoki paperak... bildu eta zakuetan jaso dituzten bitartean, beste batzuk zakurren jabeek garbitu beharko luketenaz arduratu dira. Ez dute asko bilatu behar izan, arretaz begiratzea nahikoa da halakoak aurkitzeko. Minutuek aurrera egin ahala, poltsak eta kuboak betetzen hasi dira. 

Bigarren gunean aritu direnak ere ez dira aspertu. Bertan topatutakoak, gainera, ikusgarriagoak izan dira, bolada luze bat bertan igaro izanaren itxura zuen alfonbra, kasu. Beste batzuk, tamalez, ezin izan dituzte zeuden tokitik atera, aitzurrarekin lurra zulatu arren: bizikleta zati bat eta hodi hori luze bat.

Landaredian murgilduta ibili direnek zuhaitzetan zintzilik zeuden soka modukoak eta plastikoak askatzen lan eskerga egin dute. Gaztetxoek, aldiz, nahiago izan dute uretan sartu, ez ordea, goizeko beroari aurre egiteko; freskoago egon badira ere, gogotik lan egin baitute. Bertatik ateratakoen artean, burdinak, latak edo plastiko botilak. 

Abiapuntura itzuli aurretik, betetako zakuak eta trasteak kotxean sartu dituzte partaideek. Bi orduz besterik aritu ez direla jakinda, zer pentsa ematen du pilatutako guztia ikusteak. Ingurumenaren alde egindakoa eskertzeko, hamaiketako batekin bukatu dute jarduera. 

 

Erlazionatuak

Ibaiko uretan zabor bila ibili dira

Txintxarri Aldizkaria 2021 ira 25 Gizartea

Zaborrez bete dituzte zakuak eta kuboak

Txintxarri Aldizkaria 2021 ira 25 Gizartea