'NEURE KABUZ'

Prezioak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 13a, 08:26

Goranzko joeran dira aspaldian. Ahoz aho darabilgu arrangura moduko zerbait. Orain hilabete pare bat arte pandemia beste konturik ez genuen tertuliatan. Edozein kafetegiko terrazan, alboko mahaiaren elkarrizketari erreparatuz gero (nahi gabe, noski), COVIDak eragindakoak entzuten genituen aldiro. Albiste kontuetan erreleboa etortzen da ordea eta Ukrainako inbasioari egokitu zitzaion ardura hori.

Ez dakit jabetzen ari ote zareten baina gerra hotsak berak ere galdu du hasierako “puntxa”. Orain, batez ere herrialde batek beste bati egindako eraso militarraren ondoriozko prezio igoera da protagonista. Lehengai asko nabarmen garestitu da, batik bat energia eta horrek berak dakar edozein gai produzitzerakoan azken emaitzaren garestitzea. Baina badaude enpresa eta erakunde asko egoera behar bezala kudeatzen ari ez direnak, edo ez behintzat herritarren egoera kontuan hartuz eta hor herritarren kexa ez da askorik nabarmentzen. Terrazatan bai, esanda bezala, gaizki esaka somatu daiteke edonor baina gero hori ez da gorpuzten eta ez dira esate baterako manifestazio jendetsuak egiten. 

Halakoetan beti etortzen zait gogora langabezia handiarekin ez baizik eta euren futboleko taldea administrazio arazoengatik bigarren mailara jaisteko arriskuarekin kale-erakustaldia egin zutela Vigon eta Sevillan. Gizartearen heldutasuna edo umekeria agertzen dira bistara halakoetan. Errezeloa daukat gizarte bateratuaren ahaleginaren ondorioz baino lehenago iritsiko dela ekaitz ondoko barea prezioak jaitsiko direlako, batek daki aldeko zein gertaerari esker.