ESKUALDEA

Maiatzaren 14an martxa egingo dute Zubietako erraustegira, eta Lasarte-Oriatik abiatuko da

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 4a, 12:51
Argazkia: Errausketaren Aurkako Mugimendua.

Zubietako erraustegiaz...zer ez digute esaten? lelopean, Errausketaren Aurkako Mugimenduak azpiegitura horretara martxa antolatu du hilaren 14an, larunbatarekin: 11:00etan abiatuko da ekimena, Lasarte-Oriako Okendo plazatik. Gaur aurkeztu dute ekintza, Donostiako udaletxearen aurrean. "Agintariei exijitzen diegu erraustegia geratzeko, ez dezatela gehiago hondakinik erre, ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran eta ez inon". Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak bat egin du jarduerarekin. Jakinarazi dute erraustegiko labeak geldirik daudela apirilaren 26az geroztik, "arazo teknikoak" medio. "Ez digute esaten zein diren arazo horiek, zenbat denboraz egongo diren tresnak geldirik eta zer egiten ari diren bitartean zaborrarekin".

Martxari ez diote lelo hori kasualitatez jarri. Prentsaurrekoan azaldu dute zergatia: "Erraustegiaren kudeatzaileek eta Gipuzkoako zein Euskal Autonomia Erkidegoko agintariek hainbat gauza ilun ezkutatzen dizkigute herritarroi". Hainbat adibide aipatu dituzte: azpiegitura horretako labeetan erretzen duten hondakin tona bakoitzeko zenbat karbono dioxido botatzen duten airera; erretzen duten zaborraren %23a zepa edo eskoria gisa ateratzen dutela eta, besteak beste, Añorgako porlan fabrikara eramaten dutela, "porlanari nahastu eta munduan barrena zabaltzen jarraitzeko"; labeek errausten duten gehiena, %65a, birziklagarria dela; tximinietako filtroetan biltzen diren "errauts toxiko arriskutsuak" erretako guztiaren %3 direla eta Gaztelara eramaten dituztela.

Horren harira, nabarmendu dute agintariek esan izan dutela tratamendu mekaniko biologikorako plantara (TMB) eramandako 138.000 tona errefusetik 6.380 berreskuratu omen direla, baina "ezkutatu" egin dutela "beste 90.000 tona hondakin birziklagarri labeetara erretzera" joan direla. "Horietatik, organikoak dira 60.000 tona, zabor nahasietan Zubietaraino garraiatutakoak". Zabor organikoa Gipuzkoako herri askotan "oso ondo" bereiztuta biltzen dutela jakinarazi dute martxa antolatu duten eragileek, baina agintariek ez dutela esaten nahastu egiten dutela hori borondatezko gaikako bilketa duten herrietan jasotako hondakinekin. "Ezkutatzen digute primerako konposta egiteko balio duena alferrik galtzen dutela". 

Gipuzkoako birziklapena

"Gipuzkoan sortzen diren hiri hondakinen %87a birziklagarria izan arren, %55 besterik ez da birziklatu", adierazi dute. "Horrek erakusten du benetako gaikako bilketa sistema eraginkorrak ezartzeko egin behar direla inbertsioak, ez birziklagarriak diren hondakinak erretzeko labetzarren planta eraikitzeko". Bidenabar, salatu dute arduradunek ez dutela ezagutarazten Donostian ez dutela zaborraren %42a baino gehiago biltzen gaika 2019tik, "Europak 2020rako jarritako %50eko helburutik oso urrun". 

Errausketaren Aurkako Mugimenduaren eta ekintzarekin bat egin duten eragileen (Donostia Bizirik, Eguzki, Greenpeace eta Ekologistak Martxan) iritziz, Gipuzkoako hondakinak kudeatzen dituztenek eta agintariek "diru asko xahutzen dute Zubietan eraikitako instalazio erraldoiak zuritzeko". "Hitzetik hortzera darabilte Ekonomia Zirkularra, klimaren zoratzeari eta energia krisiari aurre egin beharra aipatzen dituzte, baina herritarrei ezkutatu nahi diete sustatzen duten hondakinak kudeatzeko eredua xahutzailea dela, energia eta diru publikoa alferrik galtzen duela eta osasunarentzat kaltegarria dela". 

Arestian esan bezala, martxa Okendotik abiatuko da, 11:00etan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, elektrotxaranga batek eta joaldunek lagunduko dituzte martxalariak.

Erlazionatuak

Erraustegira martxa

Txintxarri Aldizkaria 2018 ira 23 Gizartea