Berdintasun teknikari baten beharra berretsi du herriko mugimendu feministak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 30a, 13:17
Hainbat herritarrek bat egin dute aldarrikapenarekin

Lasarte-Oriako mugimendu feministak 2022ko aurrekontuetan "urgentziaz" herrira egokitutako berdintasun plan sendoa osatzeko diru partida jasotzeko eskatu dio udalari; baita erabaki ahalmena izango duen berdintasun mahaia edo kontseilua sortzea ere, "gure herrian genero berdintasuna sustatzeko egin beharreko guztia aztertu, eztabaidatu eta erabakitzeko".  

Hainbat norbanakok eta mugimendu feministako kide batu dira larunbat eguerdian Mirentxun egindako prentsaurrekoan. Izar Agirretxek, euskaraz, eta Josune Artolak, gaztelaniaz, idatzi bat irakurri dute, bertan, beste behin, herriko egoera salatu dute eta berdintasun teknikari baten beharra berretsi. "Herri honek berdintasun sail sendo bat behar du bere udal egituran eta egitura horren bermea berdintasun teknikaria da, udaleko lanpostuen zerrendan sortutako lanpostua beteko duen teknikaria. Ez hiru urteko programa urri bat aurrera eramango duen langile bat", nabarmendu dute feministek, hura eratzeko eta betetzeko epe muga aipatu programarena dela ere zehaztuz.

Horregatik, oraindik aurkeztu gabe dauden 2022ko aurrekontuetan "herrira egokitutako" eta "parte hartze prozesu zabalaren bitartez osatutako berdintasun plan sendoa" osatzeko diru partida jasotzeko eskatu diote Lasarte-Oriako Udalari, hori baita kontratatuko duten langileak izango duen lanerako markoa. Plan horren egikaritzean zeresana dutela uste dutenez, bigarren eskaera bat ere luzatu diete udal agintariei: berdintasun mahaia edo kontseilua sortzea. Gune horretan batuko lirateke udal ordezkariak, herriko emakume, talde, bestelako eragile eta norbanakoak berdintasun planaren garapenean landu beharreko bideak eta programak adosteko eta herrian genero berdintasuna sustatzeko egin beharreko guztia "aztertu, eztabaidatu eta erabakitzeko". 

Plana eta profila, eskas

Aldarrikapen horien berri eman aurretik, Agirretxek eta Artolak, testuinguruaren eta gatazkaren bilakaeraren laburpena egin dute. Lasarte-Oria da Hondarribiarekin batera, antzeko ezaugarri demografikoak dituzten udalerrien artean berdintasun teknikaririk ez duen bakarra, nahiz eta legez halako postu bat egokitu. "Horren ondorioz, indarkeria matxista jasaten duten pertsonak egoera are larriagoan daudela jakin dugu, besteak beste, gizarte zerbitzuek ez dutelako nahikoa baliabiderik". Horrez gain, halako profilik ez izateak hutsuneak eragiten ditu udaleko zenbait arlotan, hala nola, hezkuntza sektorean ez da arta ondo bideratzen, hirigintza planetan ez dago genero ikuspegirik, protokolo egokirik ezta berdintasun planik.

Azken hilabeteetan ekintzen bidez kalean presente izan da aldarria, baina luze daramate udalari berdintasun teknikariaren lanpostua sor dezan eskatzen. 2021eko aurrekontuetan barneratuko zuela esan ziela gogoratu dute feministek, baina udalak "ez zuen hitza bete". Mobilizazioei ekin zieten orduan, herritargoaren sostengua badutela erakutsiz, eta udal agintariek "txantaiapean" onartutako berdintasun plana abian jartzeko pertsona bat kontratatzea erabaki du. Hala ere, ez da eskatutakoa eta ohartarazi dute ez direla horrekin konformatuko, borrokan jarraituko dutela egiturazko lanpostua sortu eta bete arte. "Adi egongo gara eta hori lortu arte ez dugu etsiko, mugitzen garenean lortzen baitugu Udala mugitzea". 

Lanpostuaren profilaz harago, garatu beharreko planari berari erreparatu diote jarraian. Beharrezko baliabiderik,  diagnostiko egokirik eta parte hartze prozesurik gabe egina dela salatu dute; eta udal ordezkariekin egindako bilera batean "ez zela ez nahikoa ezta egokia ere" onartu zietela. "Beraz, ez da egia txostena prestatzeko prozesuan 'parte hartu nahi izan zuten eragile guztiek' egin zituztela ekarpenak" eta gehitu dute udaleko berdintasun zinegotziak aitortu ziela berak ere ez zuela parte hartu "pasa egin zitzaiolako". "Adierazgarria iruditzen zaigu, kontu honekin guztiarekin izandako jarreraren isla baita. Gezurretan eta tranpetan aritu dira, aitzakiak besterik ez ditugu entzun edota orain arte bete ez diren (eta nahikoa ez diren) promesak".

Erlazionatuak

Lasarte-Oriak berdin jarrai ez dezan

IƱigo Gonzalez Sarobe 2022 mar 25 Gizartea