ERREPORTAJEA

Lasarte-Oriak berdin jarrai ez dezan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2022ko mar. 25a, 09:40

Lasarte-Oria da, Hondarribiarekin batera, berdintasun teknikaririk zein sailik ez duen 10.000 biztanletik gorako Gipuzkoako udalerri bakarra, legez horretara behartuta egon arren. "Parekidetasunean formatuta dagoen gizarte langile bat" kontratatu duela iragarri du udalak; herriko mugimendu feministaren aburuz, "partxe bat" da hori, eta ez du "egoera larria konponduko". 

Bost silaba ditu berdintasuna hitzak. Erraza da ahoskatzen, baina askoz zailagoa lortzen. Gero eta baliabide gehiago, orduan eta aukera gehiago gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna erdiesteko. Norabide horretan, Gipuzkoan, ia herri guztiek dituzte berdintasun teknikari eta sailak, bakarka edo mankomunatuta, gutxi batzuek izan ezik. 10.000 biztanle dituztenen artean, bi daude: Hondarribia eta Lasarte-Oria. Gure herrian eskaera hori berria ez izanagatik, inoiz baino ozenago ari da entzuten azkenaldian, batez ere, kaleetan: horren erakusgarri, Emakumeen Nazioarteko Egunean erdigunean barrena egin zuten manifestazioa, herriko mugimendu feministak deitutakoa; ehunka herritar jarri ziren pankartaren atzean. 

Horrez gain, martxoko udalbatzarrean landu dute gaia, eta oposizioko alderdiek mozio bateratu bat aurkeztu dute: berdintasun teknikari bat kontratatzea eta pertsona horrek 2021-2025 aldirako indarraldia izango duen Emakume eta Gizonen arteko Berdintasun Plana egikaritzea eskatu, eta korporazioak onartu egin du. Udal gobernuak iragarri berri du "parekidetasunean formatuta dagoen gizarte langile bat kontratatzearen alde" egin duela, hori izan zelako 2018an sortu zuten postua, eta ekainaren 13an hasiko dela lanean.

Esan bezala, berdintasunaren aldeko aldarriak eta eskaerak gero eta maizago entzuten dira herrian. Aldizkari honek ere jasotzen ditu, eta egoera nola dagoen jakite aldera, herriko mugimendu feministako kide Amaia Amianorekin eta Maider Galardirekin zein  Lasarte-Oriako Udalarekin hitz egin du.

Hasteko eta behin, mugimendu feministako kideek adierazi dute "tranpa" egin duela udalak, eta ez duela berdintasun teknikari bat kontratatuko, "gai horietan formatuta dagoen gizarte langile bat baizik". Azaldu dute ez dela gauza bera. Adibide bat: "Gizarte langile batek ezin du Berdintasun Plana egikaritu, eta teknikariak, aldiz, bai. Gainera, teknikari baten mahaitik pasako lirateke udaleko gainerako alorretako lanketak, genero perspektibari dagokionez minimoak behintzat bete daitezen". "Martxoaren 8a eta gero interpelatuta sentitu direla erakutsi nahiko dute agian, eta gero eta herritar gehiago eskatzen ari garena eman digutela, baina ez da horrela". Eragileko kideen iritziz, Lasarte-Oriako egoera "oso larria" da, eta udalak erantzukizuna hartu behar du, berdin jarrai ez dezan: "Proposatzen duenak ez du arazoa konponduko, eta ezin dugu ahaztu pertsonen bizitzak daudela jokoan. Egoera larria da".

"Berdintasunari buruzko prestakuntza duen gizarte langile bat" hautatu duela zehaztu du udalak, eta ekainaren 13an lanean hasteko prest dagoela. "Kontu bat argitu behar da: alor horretan ez dago berdintasun teknikari titulaziorik; parekidetasunari buruzko formakuntza duten profil tekniko desberdinak daude. Gizarte langile trebatu baten aldeko aukera egin dugu, 2018an sortu genuen plaza berriaren oinarrietan jasotzen den bezala, eta aurten behin betiko betetzea espero dugu". Montoro dekretua delakoa ekarri du gogora: "Izugarri murritzen du postu berriak sortzeko gaitasuna; berri bat sortzeko beste bat amortizatu behar dugu, praktikan". Lanpostua "aldi baterakoa" izango da, urtebete eta 3 urte bitarteko programa kontratua, "berdintasun plana garatzeko". Bere lanak hauek izango dira: berdintasun plana eta behatokia garatzea, kanpainak egitea eta herritarrak kontzientziatzea. 

Feministek zehaztu dute hori berez iaz egin behar zuela udalak. "Bilera bat  egin genuen haiekin, eta esan ziguten parekidetasun gaietan ikasketak zituen behargin bat kontratatzeko partida bat sartuko zutela aurrekontuetan, baina 2021a bukatu zen eta ez zuten egin. Gezurra zen". Udalak argudiatu du "gainkarga izugarria" izan duela Langileen Sailak pandemia hasi zenetik: "Badirudi ahaztu egin dugula, baina 2020a urte oso konplexua izan zen, baja asko bete behar izan genituen prozedurekin aurrera egiteko. Iaz ere eragin berezia izan zuen horrek, eta ezin izan genuen gizarte langilea kontratatu, bajen kudeaketagatik eta lan poltsetan zein Lanbiden behar ziren profilak aurkitzeko zailtasunengatik". 

EAEko Berdintasun Legea

EAEko Berdintasun Legea 2005etik dago indarrean, eta martxoaren 3an berritu zuen Eusko Legebiltzarrak. Erreforma horren aurretik, dagoeneko zehazten zuen toki administrazioek alor hori lantzeko egiturak sortu eta indartu beharko zituztela, banaka edo mankomunatuta. Gipuzkoako udalerrietan hori nola lantzen ari diren ikusteko, Aldundiak egin duen Berdintasun Baliabideen Mapa kontsultatu du TXINTXARRI-k. Lasarte-Oria grisez agertzen da, azalpen mezu honekin: "Berdintasun gaietan GFArekin koordinatu gabe". Inguruan dituen herri gehienek more kolorea dute, "egitura egonkorrak" dituztela adierazteko Aldundiak erabili duena, eta Urnietak, urdina: 10.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrientzako Berdinbidean programan parte hartzen ari da: helburua da ezaugarri demografiko horiek dituzten udalerriei "aholkularitza eta dinamizazioa" ematea. Hondarribia ere grisez agertzen da, eta Lasarte-Oriak bezala, ezin du Berdinbideanen parte hartu, 10.000 lagun baino gehiago bizi direlako bakoitzean.

Udaletxeak legez behartuta daude berdintasuna lantzeko egiturak izan eta indartzera 

Udalak azpimarratu du baduela "berdintasuna garatzeko funtsezko tresna bat": Sexuen Arteko Bizikidetzarako Emakumearen Zentroa, 2012an sortutakoa. "Hainbat kanpaina egiten ditu parekidetasuna eta genero indarkeriaren aurkako borroka sustatzeko". Esate baterako, hauek: ikastetxeetako ikastaro eta tailerrak; menopausia tailerrak anbulategian; doako sexu aholkularitza zentroan bertan eta Gaztelekuan; eta sentsibilizazio kanpainak martxoaren 8an (Emakumearen Nazioarteko Eguna), maiatzaren 17an (Homobofia, Transfobia eta Bifobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna), ekainaren 28an (LGTBI Pertsonen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Eguna) nahiz azaroaren 25ean (Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna). Horrez gain, "eraso sexistarik gabeko jaietarako kanpaina" ere egiten du. 

"Berdintasuna garatzeko tresna bat badugu: Emakumeen Zentroa"

"Ekainean, gizarte langile berria sartzen denean, eremu hori asko indartuko da, berdintasun planean jasotzen diren ekimenak abian jartzen hasiko baita". 2021eko aurrekontuan 152.760 euro bideratu zituen berdintasuna sustatzera udalak: Emakumearen Zentroaren kontratua eta alor hori bultzatzera bideratutako jarduerak, hain justu.  Kopuru totalaren (35.645.336 euro) %0,43 izan zen. Feministen aburuz, "huskeria bat". 

Mugimendu feministako kideek behin eta berriro azpimarratu dute udalak kontratatzen duen pertsona berdintasunean formatuta dagoen gizarte langile bat baldin bada, ez duela eskumenik izango 2025era arteko indarraldia duen berdintasun plana egikaritzeko. "Gaur egun geldi dago, eta, gainera, eskasa da, diagnostikoa ez delako aproposa: txostena egiteko kontratatu zuten enpresari ez zioten nahikoa diru eman eta herriko eragileekin ez zuten hitz egin, ez soilik gurekin, ezta beste askorekin ere". Aurrekoa 2016tik 2019ra artekoa izan zen, eta hori ere kritikatu dute feministek. Esan dute Soraluzeko udaletik hartu eta Lasarte-Oriara ekarri zutela, "herriaren errealitatera egokitu gabe". 

Zentzu horretan, udalak adierazi du "garrantzitsua" dela azpimarratzea plana "talde politiko guztien adostasunarekin" onartu zela, eta txostena prestatzeko prozesuan "parte hartu nahi izan zuten eragile guztiek" egin zituztela ekarpenak: "Ezin dugu inor udalarekin lan egitera behartu".

"Alderdi politikoetako kideek ezer gutxi egin dezakete: udalak esan zien beharrezkoa zela berdintasun plan bat onartzea gero langile bat kontratatzeko, eta horri zer esango diozu, ezetz? Edo kreditu aldaketa egiteari? Zentzu horretan, harrapatuta daude", esan dute Amianok eta Galardik.

"Berdintasun plana geldi dago eta eskasa da, diagnostikoa ez da aproposa" 

Afera gizarteratzen 

Iazko abendu amaieran sinadurak biltzeko kanpaina bat jarri zuen martxan mugimendu feministak, erakusteko gaiaz kezkatzen zirenak ez zirela cuatro y el del tambor, herritar gutxi batzuk, alegia; udalarekin egindako bilera batean entzun behar izan zuten bezala. Hiru egunetan (abenduaren 30a eta martxoaren 4a zein 8a) 800 atxikimendu inguru bildu dituzte, eta jende gehiagorengana iristeko asmoa dute. "Prest gaude udalarekin hitz egiten jarraitzeko, gugana jo dutenean lagundu diegu: pentsa, bilera batean baino gehiagotan galdetu digute ea pasako ote genien gure protokoloa haiek bere horretan erabiltzeko; fundamentu horrekin ari dira berdintasun alorreko gauzak egiten". Atea erabat itxi ez badute ere, erabaki dute amaitu dela udalarekin konponbide bateratu bat bilatzeko epea, eta beste bide batzuk urratzen hasi dira: "Gaia gizarteratzen ari gara, diskurtso bat eraikitzen, eta udalaz gaindiko erakunde batzuen atea joko dugu".

Udalbatzarrean, hizpide

Kaleko aldarriak iritsi dira udal korporazioko alderdien belarrietara. Oposizioan dauden guztiek (Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos, EAJ-PNV eta EH Bildu) mozio bateratu bat aurkeztu zuten martxoaren 10eko udalbatzarrean: eskatu zuten berdintasun teknikari bat kontratatzea eta pertsona horrek herriko berdintasun plana aurrera eramatea. Onartu egin zuten proposamena, lehen aipatutako alderdien aldeko bozkekin eta udal gobernuaren  (PSE-EE) abstentzioarekin. Lourdes Acevedo alkateordeak zein Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun zinegotziak azaldu zuenez, bi arrazoigatik ez zuten alde bozkatu: udala ikerketa bat egiten ari delako barne antolaketa zehazteko, eta bukatu arte itxaron behar delako postu berriak sortzen hasi aurretik; eta bestetik, espero duelako korporazio osoa "norabide berean" hastea lanean, "feminismotik eta elkarrekin".

Amianoren eta Galardiren iritziz, behin baino gehiagotan udal gobernuak erabili izan duen "argudio tranpatia" da hori: "Feminismoaren banderapean edozer gauza sartzen baduzu, denok batera joango gara, baina norantz? Hori da garrantzitsuena".

Horren guztiaren atzean "udal gobernuaren borondate politiko falta" dagoela uste dute: "Esaten dute kontratazioaren eta plana gauzatzearen alde daudela, baina gero ez diote arazoari serio heltzen. Guk ez dugu beste konponbiderik ikusten: plan hori aurrera eramango duen teknikari bat jarri behar du horretan lanean, lehenbailehen".  

Genero perspektiba

Udalak berdintasun teknikaria eta saila "oinarrizko urratsa" litzateke, "baldintza minimo bat", genero parekidetasunaren bidean lan egiteko. "Horrekin bakarrik ez litzateke guztia konponduko, baina abiapuntua litzateke". Azaldu dutenez, pertsona horrek ez luke soilik plana abian jarriko: "Emakumeen Zentroari buelta bat emango lioke, Gizarte Zerbitzuetako beharrak identifikatu, berdintasunaren ikuspuntua gainerako alorretan txertatu hala nola Hezkuntzan, Hirigintzan edo Euskaran... Gaur egun, ez dago inor udaletxean hori guztia egingo duenik".

"Teknikariak genero perspektiba ezarriko luke udaleko alor guztietan"

Gizarte Zerbitzuen egoerari buruz ere hitz egin dute mugimendu feministako kideek. "Kolapsatuta daude, pandemiaren aurretik ez ziren iristen eta orain zer esanik ez: bien bitartean, gero eta herritar gehiago zuzenean ari dira joaten Donostiara edo Errenteriara, badakitelako Lasarte-Orian ez dituztela artatu ere egingo". Eraso matxistei erantzuna ematerako garaian "protokolo aproposik" ez dagoela deitoratu dute: "Erasotua izan den pertsona bati erantzuna emateko ez dago nahikoa baliabiderik, hori egiteaz arduratuko diren pertsonek ez dute formakuntza nahikorik lehen puntua betetzeko ere: 'Ez ezazu zalantzan jarri kontatzen ari zaizuna', hain zuzen". Gehitu dute haien belarrietara "gero eta kasu eta kexa gehiago" iristen direla, baina "icebergaren punta" direla: "Datuak ez ditu behar bezala jasotzen udalak, gure sareak mugak ditu, zenbaitek ez dute haien egoeraren berri ematen beldurragatik...". 

Bi herritarren aburuz, "bidezkoa" ez dena da gizarte langileei errua botatzea udalak. "berak kudeatzen ditu zerbitzu horiek, eta beharginak pandemia iritsi aurretik ere lanez lepo zeuden, iritsi ezinik, ba imajinatu orain nola dauden. Bien bitartean, premiazko laguntza behar duten pertsona asko eta asko arreta gabe daude; noizbait hilik agertuko da bere erasotzailearekin batera bizitzera behartuta dagoen eta Gizarte Zerbitzuen zerrendetan izena emandako norbait, eta orduan kontzentrazio bat antolatuko dute". 

Egoerak alderatzen

"Sozioekonomikoki, antzekoak dira Lasarte-Oria eta Hernani, eta han bost berdintasun teknikari dituzte; Irunen sozialistek gobernatzen dute, eta alarde baztertzailea duten arren, egiten dituzte berdintasuna sustatzeko egitasmo esanguratsuak, eta baita Pasaian ere, adibidez", zehaztu dute. "Aitzakia bat erabili izan du udalak, idazkariak edo kontu hartzaileak eragozpen txostena jartzearena postu berri bat sortzeari, baina beste udal askotan ere erredaktatu dituzte, eta hala ere, aurrera jarraitu dute bidearekin".  Udalak berretsi du bi horiek direla "legezkotasuna eta aurrekontu zorroztasuna" betetzen ari dela zaintzen duten bi figurak, eta egin ditzaketela txosten horiek, "legearekin bat ez datorren neurriren bat onartu behar bada".

Beste herri batzuetako kideekin hitz egiten dutenean, "lotsa" sentitzen dute Amianok eta Galardik, berdintasunaren alorrean Lasarte-Orian dagoen egoeragatik. "Pandemia garaian hasi ginen gai hau sakonago aztertzen, eta orduan ikusi genuen nolako pastela zegoen: eraso, salaketa, urruntze agindu, bortxaketa eta bestelakoei erantzuteko, institutuan lanketa egiteko, genero perspektiba ezartzeko nahiz prebentzio lanak egiteko berdintasun teknikaria eta saila behar ditugu".