ESKUALDEA

Gaztelaniaz idatzita dauden abizenak euskalduntzeko kanpaina abiatuko dute eskualdeko udalek

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 28a, 08:15
Lasarte-Oriako Udaleko Euskara batzordeburu Jon Antxordoki, udaletxeko bake epaitegiko sarreran.

Urtero legez, Buruntzaldeko udalek gaztelaniazko grafia duten abizenak euskarara ekartzeko egitasmoa jarri dute martxan. Azaldu dutenez, aldaketa egitea "oso erraza" da. Eskuorri bat banatu dute biztanle gazteen artean, baina helduagoak direnek ere badute tramite hori egiteko aukera, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara batzordeburu Jon Antxordokik azaldu duenez. 

Zure abizena Echeverria bada eta Etxeberria-ra aldatu nahi izanez gero, "oso erraz" egin dezakezu Buruntzaldeko udaletako bake epaitegietan. Berriki abiatu dute aurtengo kanpaina, eta azaldu dutenez, agiri gutxi batzuk baino ez dira behar. Antxordokik azaldu du hauek direla lasarteoriatarrek bertara eraman behar dituzten agiriak:

  • Errolda agiria, udaletxeko bulegoetan egiten dena.
  • Jaiotzagiri literala. Herriko bake epaitegian egiten dute. Donostian erregistratuta egonez gero, hiri horretara joan behar dute, Kalkutako Teresa plazara.
  • NAN agiriaren kopia bat. 
  • Ezkonduta egon edo seme-alabaren bat izanez gero, familia liburua.

Herritar batek bere abizenaren euskarazko baliokidea zein den jakiteko, Euskaltzaindiaren Onomastika atala kontsultatu behar du.

2000. urtetik martxan 

Erregistro zibilaren legearen 40/1999 erreformak ahalbidetu zuen deiturak zuzenean euskalduntzea, ordura arte abizenak aldatzeko prozeduraren bitartez egiten baitzen hori. Orduz geroztik, makina bat izan dira apelliduak abizentzera animatu diren pertsonak. 

Esan bezala, eskualdeko herri guztietako kanpaina martxan dago aurten ere; 2009-2010 ikasturtean euskarazko egitasmoak elkarrekin burutzeko plan bat adostu zuen eskualdeko udal guztiek: horretan jaso zuten Apelliduak abizendu.

Zalantzarik izanez gero, euskara@lasarte-oria.eus helbidera idatzi edo 943 37 61 84 telefonora dei daiteke.

Erlazionatuak

"Prozesua bake epaitegietan hasten da"

Txintxarri Aldizkaria 2021 mar 30 Euskara

"Erraz egin nuela gogoratzen dut"

Txintxarri Aldizkaria 2021 mar 30 Euskara