ubeltzuk hiru seme-alaba ditu gaur egun. Deiturak euskaratzea erabaki zuenean, lehenengoarekin haurdun zegoen. "Abizenak euskalduntzeko arrazoi nagusia izan zen nire seme-alabek ere, jaiotzerakoan, deiturak euskaratuta izatea". Hernaniko bake epaitegira joan zen tramitea egitera, eta honako hau kontatu du: "Prozesua erraz egin nuela gogoratzen dut".
Eider Zubeltzu Loiartek bezala, beste herritar ugari animatu izan dira deiturak euskal grafiara ekartzera, apelliduak abizentzera. Egun batzuk gorabehera, prozesuak hamar egunetik lau astera irauten du normalean. Buruntzaldea eskualdea osatzen duten sei herrietan
–Andoainen, Astigarragan, Hernanin, Lasarte-Orian, Urnietan eta Usurbilen– bizi diren herritarrek aukera dute prozesu horri ekiteko. Herri horietako udalek euskarazko egitasmoak elkarrekin egiteko plan bat adostu zuten 2009-2010 ikasturtean; horretan jaso zuten, besteak beste, Apelliduak abizendu.
Euskaltzaindia eredu
Euskaltzaindiak osatutako EODA Euskal Onomastikaren Datutegia hartzen da eredutzat abizenak euskalduntzeko irekitzen diren prozeduretan. Erakunde horrek plazaratu dituen datuak hiru atal nagusitan daude sailkatuta: deiturak, pertsona-izenak eta lekuak. Abizenak euskal grafiara ekarri nahi dituen pertsonak datutegi hori kontsultatu behar du, deitura euskaraz nola idazten den jakin nahi izanez gero.
EODAk 5.061 izen –emakumezkoenak, gizonezkoenak eta epizenoak, alegia, espezie bateko arra nahiz emea izendatzen dituenak– ditu jasota, eta 9.670 deitura. "Datutegiaren bidez, Akademiak berezko duen zerbitzu arauemailea gauzatu nahi du, gizarteari izen berezi horiek euskaraz nola erabili behar diren adieraziz, aholkatuz edota iradokiz".