Lasarte-Oriatik Oriora arteko martxa antolatu du Sarek maiatzaren 7an

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 28a, 08:30
Lasarte-Oriako Sarek urte hasieran egindako manifestazioa, Tajamar biribilgunetik pasatzen.

Lasarte-Oriako Sarek bat egin du Etxerako bidea saretzen egitasmoarekin, eta martxa antolatu du gure herritik Oriora, maiatzaren 7an, larunbatarekin. 09:15ean aterako dira Okendo plazatik, Usurbilgo zutabearekin 10:00etan bat egingo dute eta kostaldeko herrira joango dira, Aginagatik barrena. "Menditik joango bagara ere, ibilbidea ez da garaiera altukoa izango; edonork egin dezake", adierazi dute Sareko kideek. 

Etxerako bidea gertu! lelopean, hamaika mobilizazio egingo dituzte maiatzaren 7an, Euskal Herri osoan, euskal presoei "behingoz" espetxe legedia arrunta "bere osotasunean" aplikatzea eskatzeko. Elkarguneetako bat Orio izango da, eta bertako herritarrekin elkartuko dira inguruan bizi direnak, baita lasarteoriatarrak ere. Lasarte-Oriako Sarek jakinarazi duenez, mendi martxa antolatu du, eta 09:15ean aterako dira Okendo plazatik. 45 minutu geroago elkartuko dira Usurbilgo zutabeko lagunekin, eta Aginagatik barrena joango dira Oriorantz. Menditik joanagatik, ibilbideak zailtasunik ez duela zehaztu dute antolatzaileek, eta "edonork egiteko modukoa " dela. "Dena den, oinez joan nahi edo ezin duenak, beste garraiobide batzuk erabil ditzake: trena, autobusa, bizikleta, autoa, eta abar". 

Behin Oriora iritsita, egun osoko egitarauaz gozatuko dute bertaratutakoek. Ekitaldi nagusia 13:30ean egingo dute, eta ordu erdi geroago bapo bazkalduko. Otordu hori egin nahi duten lasarteoriatarrek Tiburtzio Artizar tabernan eros ditzakete txartelak, maiatzaren 4ra arte. Bazkalostean, haurrentzako jolasek eta kontzertuek jarriko dute giroa. 

Bi urte "garrantzitsu"

Azken bi urteak "garrantzitsuak" izaten ari dira euskal presoen egoerari eta salbuespeneko espetxe politikari dagokionean, Sare Herritarrak nabarmendu duenez. "Urte luzeetan ezarritako urruntze politikaren amaieraren atarian gaudela esan genezake, eta honekin batera salbuespen legedia atzean utzi eta legedi arruntera salto egiteko unea dela". Aldaketa horrek ordea, kontrako jarrerak ere hauspotu dituela adierazi du, eta badirela oraindik ere "etxerako bidean oztopo izaten ari diren gertaerak".

Horren aurrean, urruntze politika "behin betiko" amaitzea eta euskal presoei legedia arrunta "bere osotasunean" ezartzea eskatuko du Sarek. Maiatzaren 7ko egitasmoa Izan Bidea dinamikaren barrukoa da, eta erronka horretan kilometroak batzea (3.127.326, zehazki) da helburua. Urriaren 8an amaituko da Izan Bidea.