Larriki gaixo dauden presoen egoera erdigunera ekarri du Sare Herritarrak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 7a, 19:44
Dozenaka herritar bertaratu dira gaur arratsaldeko kontzentraziora.

Osasunaren Nazioarteko Eguna da gaur, apirilak 7, eta kontzentrazioa egingo du Sare Herritarrak kartzeletan eta larriki gaixo dauden euskal presoak oroitzeko. Anbulategian elkartu dira, eta, urtero legez, larriki eri dauden hemeretzi euskal presoen egoera ikusarazi dute, eta azpimarratu "ezinbestekoa" dela salbuespen politikarekin amaitzea. "Espetxea ere gure gizartearen zati bat da, eta presoek etxean egon behar dute". 

Gaur-gaurkoz, 19 dira eritasun larriak dituzten euskal presoak, tartean, Ibon Fernandez Iradi lasarteoriatarra dago: esklerosi anizkoitza dauka. "Euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politikak eragin zuzena du pertsona horien osasunean: ezegonkortasuna, antsietatea, arazo psikologikoak, harremanak garatzeko arazoak...sortzen dituzte", adierazi du Sarek. Egoera hori aldatzea eta arduraz jokatzea eskatuko du eragileak, bai kalean, bai instituzioetan. "Elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bidea elkarrekin egin behar dugu". 

"Espetxe politika aldatzen hasi den arren, oraindik ere egoera latzei aurre egin behar diete presoek, ahaztu gabe gehiengoak orain arte betetako zigorraren zatia lehen graduan edota isolamenduan igaro duela, baldintza ezin okerragoetan", deitoratu du eragileak. Norabide horretan, gaixo daudenek "salbuespena" jasaten jarraitzen dute, "gaixotasunari aurre egiteko aukerak murriztuz". Halaber, nabarmendu du "eragin zuzena" duela haiengan "gertukoen babesa, bizi baldintza duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipena" ez izateak. 

Espetxeetako egoera

Salbuespen politika ez ezik, Sarek ezbaian jarri ditu espetxeetako osasun baldintza "kaxkarrak". "Kartzelak berak, instituzio gisa, hala nola zentroak, medikuen jarrerak eta baliabide faltak osasunean eragin negatiboa izaten dute". Bestela esanda, "ez dute behar bezalako osasun zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen". 

Bidenabar, eragileak gogorarazi du osasuna "pertsona guztiei dagokien eskubidea" dela, baita preso daudenena ere. "Ezin dugu onartu segurtasun politiken aitzakipean presoen oinarrizko eskubideak zapaltzen duen politikarik; preso orok eskubidea du mediku edo psikologo baten laguntza jasotzeko"

Erlazionatuak