Doinua: Euskal Herriko lur maite hartan
Etorri nintzen bezala noa
zuen albotik aparte;
neuretzat ditut zuen bultzada,
irri, barre, lagunarte.
Halako lagun abegikorrek
bide luzea dakarte,
denok gogoan gorde zaituztet
hemendik bi urte arte:
agur bero bat ta muxu bana,
eskerrik asko, Lasarte!
Bi mila bostehun kilometroan
ez dut topa halakorik:
herren gabeko ttakunak eta
triki-batu... gehiagorik?
Txoritutako pailazo batzuk
irribarre margoturik,
dantza, kirola, sukaldariak,
beste hainbat lagun polit,
Oriak ba al du bi ertzetan
zu bezalako herririk?
Ongi etorri horren ederra
prestatzen zenbat komeri!
Eta denaren erdi-erdian
hor zeunden, ene Muntteri,
egina duzu, beti bezala,
hamaika mila lantegi.
Nekeak neke dituzu, baina,
arren, esadazu egi:
halaxe da, bai, kosta egin naiz,
kosta, baina ez gehiegi?
Ez dago zuek gelditzekorik,
dela elur, dela ekaitz,
dela goizean goiz natorrela,
dela izen zaileko gaitz.
Nahiz eta aurten etorri naizen
honen berant, honen garaiz,
korrikarako gogoz zineten,
gainera irribarrez, maiz!
Hogeita hirugarrenez ere
gustora etorriko naiz!
Bi urte barru itzuliko naiz,
denbora luzea bada,
baina artean bada zer egin,
ez zaiteztela ikara!
Gogoan izan elkar hartuta
berritsuagoak gara,
dantza daitezen mingain horiek
ondo dakiten erara:
hitzekin segi, beti ekinez,
beti ahoan euskara!