Kartzela eta gaixotasuna, tabua tabuaren barruan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 26a, 22:41

Okendo Zinema Taldeak antolatutako euskal dokumentalen zikloaren barruan, Lander Garrok Sareren enkarguz egindako Tipularen sehaska kanta lanaren txanda izan da larunbat iluntzean. Zuzendariak parte hartu du ondorengo solasaldian.

Dokumentalek errealitatearekin lotura izaten dute, memoria historikoarekin, bertako gertakariekin... Tipularen sehaska kanta lanak kartzela eta gaixotasuna ditu ardatz, bertan edo haren inguruan dauden pertsonen lekukotzetan oinarrituta. Ia ordu eta erdiko ikus entzunekoak, tipulek bezala, azal desberdinak ditu: estetikoa, inguru politikoa, humanoa, profesionala... Askotariko ahotsak jaso ditu, preso ohiak, senideak, abokatuak, medikuak eta psikologoak ageri dira euren bizipenak azaltzen. 

Proiekzioa amaituta, Pablo Barriok egindako galderetan oinarrituta hitz egin du zuzendari errenteriarrak. Dokumentala egitea "errealitate oso gogorra izan da, kartzela gertutik ezagutu arren, aldatu ninduena", aitortu du Garrok, eta alde edo energia positiboa helarazten ahalegindu dela gehitu du. Enkarguari nondik eutsi aurkitzea kosta zitzaiola aitortu du, zenbait liburu irakurri zituela, Miguel Hernandez poeta espainiarraren Nana de la cebolla poema topatu zuen arte. Hortik hartu du izenburua eta lotura egin du poetarekin: 1936ko gerran atxilotua  izan zen Hernandez eta han gaixotuta hil egin zen. Garai hartan kartzelan hiltzeak zentzurik ez bazuen, egun, are gutxiago.

Harreman estua

Orokorrean, jendeak harreman "azalekoa eta anekdotikoa" izan ohi du kartzelarekin, euskaldunek, berriz, harreman "oso partikularra" dugula uste du zuzendariak. Berak bertatik bertara ezagutu du, preso egon baitzen, aita, anai-arrebak eta zenbait lagun bezala. Hain zuzen ere, bere historia sartzea pentsatu zuen, anaia kartzelatik irten baitzen grabatzen ari zirela, baina beste kontakizun batzuk hobetsi zituen. 

Emandako gaiaz harago doa lana, ikuspegi unibertsalagoa du eta "abolizionismotik gertu" dago Garroren esanetan. "Txirotasuna eta disidentzia politikoa, ez dago besterik kartzelan. Gainerako delituak oso gutxiengoa dira". Dagoeneko konbentzituta dagoen jendeaz harago joan, eta "gure orbita kulturaletik" kanporago dagoen jendearengana iritsi nahi izan du. Emaitza ez da esperotakoa bezain arrakastatsua izan onartu duenez, besteak beste, kartzela tabua delako gizartean, eta gaixotasuna ere, norberak modu pribatuan bizi nahi izaten duen zerbait. Hortaz, "tabua tabuaren barruan" da edukia.

Gaitzaren gainean, ulertarazi nahi izan du "oso presente" dagoela denon bizitzan eta hura zalantzan jartzen du. Kalean dagoen jendeak harreman "delikatua" badu, preso dagoenak zirtasun bat du "kartzela erakundeek ez diotela lagunduko", eta horren adibide, dokumentalean ageri den Ibon Fernandez Iradi herritarraren kasua gogoratu du, diagnosia izateko bi urte behar izan zituena.