Komunikazio ez bortitzean trebatu dira gurasoak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 5a, 13:34

Harremanak zaindu eta modu eraginkorrean kudeatzen lagundu dezakeen komunikatzeko modua aurkeztu die Nerea Mendizabal zestoarrak, Lasarte-Oriako hainbat gurasori. Treba Gurasoak programaren barruan antolatu dute hitzaldia, Oriarte Landaberrin. Familiako kideen beharrak ezagututa, etxeko giroaz gozatzeko gakoak jaso dituzte entzuleek. Seme-alabekin komunikazioa, harremanak, emozioak, gatazkak eta bestelakoak lantzeko azalpenak eman ditu. 

Komunikazio ez bortitzaz hitz egiteko, bortizkeria eta ez bortizkeriaren arteko aldeaz aritu da. Horretarako, Marshall Rosenberg autorearen (komunikazio ez bortitzaren autorea da) hausnarketak ekarri ditu. Bereizketa hori azaltzeko bi animalia erabili zituen Marshallek, txakala eta jirafa eta horien berak erabili ditu Mendizabalek saioan ere. Esku batean txakal panpina bat hartuta eta jirafarena bestean hasi zaie hizketan entzuleei. Komunikazio bortitza irudikatzen du lehenak. Basoan bizi den animalia da, eta bertan aurkitzen duen edozein zailtasunen aurrean eraso egiten du. Bere burua gatazkaren aurrean arriskuan badago, alde egiten du. Horrekin lotu du komunikazio bortitza: garrasiak, mehatxuak, exijentziak, zigorrak, eta abar. Jirafak, berriz, lepo luzea duenez distantziatik begiratzen du bere ingurua, alturatik, perspektibatik, eta bihotz handiena duen animalia dela ere argitu du, eta hizkuntza ez bortitzari erreferentzia egiteko erabili du. 

Gaineratu du gurasoa bizitzen ari den baldintzek eragin zuzena dutela komunikazio mota bat edo bestea erabiltzearekin. Baldintza onetan denbora eskaintzen diete seme-alabei, haurrak entzun eta elkar ulertzeko tarteak hartzea errazagoa zaiela, baita euren erritmoak errespetatzea ere. Baldintza kaskarretan, aldiz, garrasiak, mehatxuak eta zigorrak gailentzen direla. Nabarmendu du Jirafaren jarrera izan nahian, ezinezkoa dela txakal izateari uztean, baina garrantzitsuena, izaten ari garen komunikazioari erreparatzea dela, epaitu gabe, ulertuz nondik komunikatzen ari garen. 

Gitarrak lagunduta abesti bat ere abestu die saiora bertaratu direnei.

Erlazionatuak

Donna Apellaniz: "Emozioak energia dira"

Txintxarri Aldizkaria 2022 mar 17 Hezkuntza