Donna Apellaniz: "Emozioak energia dira"

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 17a, 10:49
Oriarte institutuko Landaberri eraikinean eman du hitzaldia Donna Apellanizek.

Emozioen garrantzia familian: nola zaindu seme-alaben emozioak hitzaldia eman du Donna Apellaniz formatzaile eta terapeuta emozional sistemikoak. Nerabeak dituzten gurasoei zuzendu zaie, eta pertsona bakoitzaren gorputzaren barruko sentimenduak hobeto ulertzeko gakoak eman. Treba Gurasoak egitasmoaren barruko jarduera izan da.

"Sinetsita nago hezkuntzaren bidez mundua alda daitekeela". Donna Apellaniz hezitzailearen hitzak dira: horrela hasi zuen astearte arratsaldeko hitzaldia Oriarte institutuko Landaberri eraikinean. Emozioez jardun zen, haiek definitzeko moduaz, sorreraz, mota desberdinez, eta baita nerabezaroaz ere, bertaratu ziren dozena bat gurasoekin. Kontzeptu teoriko ugari partekatu zituen haiekin, baina adibide praktiko batzuk ere jarri zituen, eta galdera ugari egin zizkien ikus-entzuleei, haien parte hartzea sustatzeko.

Esate baterako, hau: "Erakutsi digu norbaitek sentitzen duguna kudeatzen? Guraso izatea superbotere bat dela iruditzen zait, etengabe sentitzen ditugun emozioak oso garrantzitsuak dira eta sekulako lana egiten duzue egunero-egunero, kontuan izanda inork ez digula erakutsi horiek bideratzen". Beste galdera bat: "Zer dira, bada, emozioak?". Hori definitzea proposatu zien solasaldira joandakoei, eta, normala den moduan, kosta zitzaien ariketa egitea. "Kuriosoa da: egunero-egunero sentitzen ditugu gauza asko, baina ez dakigu definitzen; oso garrantzitsua da jakitea zer dabilkigun barruan. Emozioak energia dira, eta Albert Einstein-ek zioen moduan, eraldatu egiten da etengabe, ez dauka sorrera bat eta amaiera bat". 

Kolore primarioak eta nerabezaroa

Apellanizek lau oinarrizko emozio izendatzen ditu: amorrua, beldurra, poza eta tristura. "Kolore primarioak bailiran, lau horiek nahastetik sortzen dira gainerako guztiak". Energia hori sentitzeko bi bide nagusi daudela zehaztu du: hitzen bidez eta ekintzen bidez. Emozioak blokeatzea kaltegarria dela iritzita, adituak uste du ikasi behar dela sentimenduak "era osasuntsu eta funtzional batean bideratzen". Nerabeak ez horrenbeste, baina helduak "oso antzezle onak izaten" ikasten dutela azpimarratu du. 

Lanketa emozionala egiteko "garai oso ona" da nerabezaroa, Apellanizen aburuz. "Oso garrantzitsua da gazteei horretarako tresnak eta baliabideak ematea, garai oso hauskorra delako: izaera lantzen ari dira". 

Treba Gurasoak egitasmoa

Adituak eman duen solasaldia Treba Gurasoak egitasmoaren barruko jarduera izan da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria sailak bultzatzen du proiektu hori, eta haurren zein nerabeen aukerak eta bizi kalitatea hobetzea du helburu, gurasoak hezkuntza gaitasunetan trebatuz. Hitzaldia Aldundiak berak, Lasarte-Oriako Udalak eta herriko hiru ikastetxeetako guraso elkarteek antolatu dute.