Larunbat honetan estreinatuko dute Pablo Barrio herritarraren 'Dzist-Dzast' antzezlana, Iruñean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko apirilaren 4a

Nafarroako Antzerki Eskolaren iazko lehiaketa irabazi zuen Pablo Barrio herritarrak, euskarazko kategorian: Dzist-Dzast lana aurkeztu zuen. Orduan iragarri zuena bete egin da, eta antzerki ikasleek larunbat honetan estreinatuko dute obra, 18:00etan, eskolak Iruñean duen aretoan (San Agustin kalea, 5). Sarrerek 6 euro balio dute. 

Horren ondoren, datorren asteko astelehenetik asteazkenera sei emanaldi egingo dituzte Nafarroako eskola eta ikastoletako ikasleentzat. 

Idazle lasarteoriatarrak, esan bezala, iazko edizioa irabazi zuen, Nafarroako Haurrentzako Antzerki Testuen 30. lehiaketa. Ez da lehen aldia izan, 2006an eta 2007an ere bere lanak saritu zituztelako, Abere hatsak eta beste animalia batzuk eta Herioa azeri hori, hurrenez hurren. 

Hiru emakume, hiru belaunaldi

Elkarrekin bizi diren hiru belaunaldi ezberdineko hiru emakumeek sortzen duten familiaren istorioa da Dzist-Dzast. Maialenek, etxeko txikienak, ez du ulertzen zergatik dagoen bere ama hain nekatuta eta hainbeste lan egiten duen. Zergatik ez du idazten, hori baita gehien gustatzen zaiona, eta gainerako guztia alde batera uzten? Horrela izango balitz, Maialenek ez luke bere amona zaindu beharko eta bere lagunekin jolastu ahalko luke. ¡Si! Ez dugu aipatu baina amonak dioenez, zazpi itsasoetako pirata ezagun bat omen da bera, Patakon pirata famatuaren kidea izan ere. Beti milaka pasadizo ditu kontatzeko... Ea zer kontatzen digun gaurkoan... 

Lan fisikoa, testuala eta hizkuntza ugari nahasten dituen eszena proposamen komiko, dibertigarri eta originala, non antzezleak antzerki maskarak eskaintzen dituen adierazkortasunez baliatzen diren pertsonaien sorkuntzarako, eta baita argiaz eta musikaz eszenatoki gainetik.

Fitxa teknikoa

  • Egilea: Pablo Barrio.
  • Aktoreak: Eva Azpilikueta, Itsaso Etxeberria, Xabier Flamarique eta Jaione Urtasun.
  • Zuzendaria: Xabier Artieda.
  • Maskarak: Atelier Martiartu.
  • Argiztapena: Luz y Fer.
  • Jantziak: Maria Sagues.
  • Eszenografia: Atornapion.
  • Diseinu grafikoa: MAG.