Pablo Barrio: "Zaila izango da 'Dzist-Dzast' lana argitaratzea, baina saiatuko naiz"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021ko urr. 1a, 16:00

Pablo Barriok Iruñeko Udalean jaso du Nafarroako Haurrentzako Antzerki Testuen Lehiaketako saria. Argazkia: Iruñeko Udala.

Pablo Barrio idazle lasarteoriatarrak hirugarrenez irabazi du Nafarroako Haurrentzako Antzerki Testuen Lehiaketa, 'Dzist-Dzast: Flamenka, endredo ugari han-hemenka' lanarekin. Obraren nondik norakoez eta antzerkigintzaz aritu da TXINTXARRI-rekin.

Kontsumismoa, kontziliazioa, teknologia berriak... Gai horiei buruzko tentsioak eta gatazkak eguneroko ogia dira familia askorentzat. Horiek eta beste asko jorratu ditu Pablo Barriok (Agurain, Araba, 1958) Dzist-Dzast: Flamenka, endredo ugari han-hemenka lanean. Antzerki formatuan idatzi du, haurrentzat. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak elkarlanean antolatzen duten lehiaketara aurkeztu, eta euskarazko kategoriako saria irabazi du, hirugarren aldiz. Beste biak 2006an eta 2007an erdietsi zituen, lan hauekin: Abere hatsak eta beste animalia batzuk eta Herio azeri hori, hurrenez hurren. "Antzerkia idaztea, euskaraz, haurrentzat... Ezaugarri horiek dituen sariketa bakarra da", nabarmendu du Barriok. 2.500 euro poltsikoratu ditu, eta Nafarroako Antzerki Eskolak berak taularatuko du obra, 2022ko apirilean. "Antzerkia egitea sormen kolektiboko ariketa da: idazleak sortzen du, zuzendariak sortzen du, aktoreek sortzen dute, teknikariek sortzen dute... Nire lana moldatzen badute, ados, baina betiere egin dudanaren esentzia errespetatzen badute".  

Barrioren laneko bost protagonistetatik hiru familia berekoak dira: amona, ama eta haurra. Nagusienak "makalduta" du burua, eta pirata dela uste du, Flamenka, bere garaian Patakonen lagun mina izandakoa; haren alaba ama bakarra da, lan prekarioa du eta antzerkia idaztea gustatzen zaio; eta gazteenak, haurrak, kirolen batean munduko txapeldun izatea du amets. Laugarren protagonista ume horren laguna da, bestelako familiarte batekoa, eta bosgarrena, Ñamtañam pirata, pertsonaia birtuala, Flamenkaren kontrapuntua. Idazlearen ibilbidea jarraitzen duenari gogora etorriko zaio aurtengo udaberrian argitaratu duen El Sitio del Fin del Mundo  liburua, keinuren bat edo beste egin baitio.

Haurrentzako idazten 

Piraten arteko ezpata borrokak, familia baten eguneroko gatazkak, kontsumismoa eta prekarietatea bezalako gai sozialak... Elementu horiek uztartu ditu antzezlanean, haurrentzat. "5 eta 10 urte arteko umeak izango dira emanaldia ikusiko dutenak; hasieratik zureganatu behar duzu haien arreta". Horretarako, baliabide ugari erabili ditu idazleak: pertsonaien arteko elkarrizketa labur asko; piraten arteko ezpata borrokak, "emozioa emateko"; eta istorioen egitura klasikoa (hasiera, korapiloa eta amaiera) errespetatzea, beste batzuen artean. Fantasia eta errealitate gordina tartekatu ditu. Azken hori, uste duelako landu behar direla horrelako gaiak umeekin. "Pandemia tarteko, gure herrian familia bat baino gehiago poztu da sanpedroak ohi bezala ez ospatzeaz, egoera ekonomiko oso txarra dutelako, edo esan behar diete seme-alabei ez dutela sosik zinera joateko... Antzezlana ikustean, nahi dut errealitate hori bizi duen umea identifikatuta sentitzea, eta alboan duenak, lagunarekin enpatia izatea".

Bidaiatzearekin alderatu du idazteko prozesua herritarrak: "Adibidez, Erromara banoa, ez dut aurrez zehazten zein egun eta ordutan joango naizen Coliseora; joango naiz Erromara, eta aurrera egingo dut, ezkerrera, eskuinera... Bada, idaztearekin berdin: hasi baino lehen, garbi dut ideia, baina ez eskema osoa; bidea egin ahala lotzen ditut hariak". 

Antzerkigintzaren egoera

Barriok zail ikusten du Dzist-Dzast lana argitaletxeren batek publikatzea. "Euskaraz idazten den antzerkia argitaratzea oso zaila da, baina saiatuko naiz". Idazleak azaldu duenez, Iruñeko Udalak, esaterako, bilduma batean kaleratzen ditu obra irabazleak, hiruzpalau urtetakoak batera, eta ez gero zabaltzeko, artxiboan gordetzeko baizik. 

"Aberastu nahiko banu, beste zerbait egingo nuke", dio Barriok. Uste du euskal antzerkigintzaren sormen gaitasuna "izugarria" dela. "Gazte ugari ari dira lanean, proposamen oso ausartak egiten dituzte, baina hortik bizi ahal izatea da arazoa, egoera ekonomikoa oso txarra delako".

Erlazionatuak

Hitz-jokotik, liburura

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021 mar 19 Kultura