Bidaia hori trazatzerakoan, muga fisikoak ikusi ditugu: mendiak, ibaiak, itsasoak… Mapa fisikoan, bederen. Mapa politikoan, berriz, herrialdeak berak dira muga. Baina aldaera gehiago ere badira, eta duela pare bat aste zuzen-zuzenean egiaztatu ahal izan genuen. Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubian gendarmeen kontrola zegoen. Goiz arrunt batean bezala, jendearen joan-etorria lasaia zen pasabidean. Halako batean, ordea, bi lagunei alto eman zien poliziak. Bi gizon beltz ziren. Kasualitatea? Ehun mugimenduak ere esperimentu bat egin du (sareetan ikusgai dago): gazte zuri bat zubitik pasatzen eta gazte bera aurpegia beltzez margotuta zubia igarotzen. Asmatu duzue, bigarrena geratzen dute gendarmeek. Beraz, azaleko kolorea ere bada beste muga bat, helmuga edota norabidea badiren bezalaxe. Azal kolorea hain da muga handia muga fisikoak zeharkatzen saiatzen baitira asko, zenbait kasutan bizia ere galduz.
Munduko atlaseko Afrikako mapan ez dago hatz markarik. Kolore askotako herrialdeak ageri dira, baina kolore bat gehiago izaten jarraitzen dute. Kolore horietatik, ordea, milaka lagun irteten ari dira gerra eta gatazketatik ihesi, eta horien bidariarik ez dugu trazatu oraindik. Horiek ere ezagutzen, trazatzen eta irudikatzen hasi beharko dugu, Europaz beste mapa gehiago ere badirelako.