Kartzelaldia emakumeen ahotsetatik

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 25a, 15:00
Argazkia: aSUnak taldea eta presoen batzordea

aSUnak neska* gazteen taldeak eta presoen batzordeak antolatuta, 'Emakumea* eta kartzela' solasaldian parte hartu dute lasarteoriatarrek. Ostegun arratsaldean batu dira Xirimiri elkartean

Emakumeen espetxeetan jasaten diren zapalkuntzen berri izan dute herritarrek ostegun arratsaldean; gai hori ardatz hartuta antolatu baitute aSUnak neska* gazteen taldeak eta presoen batzordeak Emakumea* eta kartzela solasaldia. Arrazoi politikoengatik kartzelan egon diren lau emakumeren testigantzak entzun dituzte. Olatz Altuna, Oihane Baquedano, Maite Aranalde eta Uxua Olalla izan dira hizlari gonbidatuak; azken horrek ezin izan du hitzordura bertaratu eta audio bidez bidali du bere kontakizuna. Bizipenetatik hitz egin du laukoteak. 

Zabal hitz egin dute emakumezkoen eta gizonezkoen espetxealdien arteko aldeez. "Ez lekua" deitu diote kartzelari hizlariek,  nabarmenduz "sistemaren ardurak urratzen dituena" gizartetik aldentzeko pentsatutako azpiegitura dela. Azpimarratu dute orokorrean kartzelak "gizonezkoentzat pentsatuta" daudela. 

Kontatu dute baita ere sistemak emakumeei egozten dien zaintza arduren erakusle ere badela kartzela. Adibide batekin osatu dute azalpen hori, kontatuz emakumeak kartzelako garbiketa lanak egitera behartzen dituzten bitartean, gizonezkoek ez dutela ardura hori. Aritu dira baita ere amatasuna eta kartzelaz. Emakumeek jasan beharreko zigorrak, gizonezkoenak baino "gogorragoak" izan ohi direla ere mahaigaineratu dute.