Bizitza on bat izan nahi duzu? Sinplea da: ondo pentsatu. Bizitza konplexu, zail edo txar baten bila zabiltza? Argi dago: ireki itzazu pentsamenduaren bitartez munduaren gatazka guztien fronteak, has zaitez frente horietako lubaki bakoitzean pentsamenduaren bitartez borrokatzen eta zure bizitza kaos bat izango da. Gudari fina izan naiz ni, aitortzen dut. Non dago, baina, bakea? Gerraren ausentzian? Edo, agian, bakea zure gorputzaren tenpluak gordetzen duen isiltasunean aurkitzen da... Eta, gaur, nora begira zaude? Zer pentsamenduri egin diozu lekua hain goibel kalera ateratzeko? Norenak dira ahots hauek?

Ez dakit konturatu zaren, baina, ahots gehienak aspaldi jaio ziren burugabe batzuen ahotsen oihartzunak besterik ez dira. Oihartzun haiekin jaio ginen zu eta ni. Ez dakit nork atera zuen gaiari ez dakit zeinek erantzun zion. Eta, ez dakit nortzuek hura sinetsita, ez dakit zeintzuekin eztabaidatzen hasi ziren. Alajaina, gu jaio ginenean ere zarata hura gure artean zen! Bai bai, eta ezetz asmatu gu hitz egiten hasi ginenean zer izan zen noizbehinka gure ahotik erreproduzitzen hasi zena? Halaxe da lagunok, hitz egiten hasi ginenean oihartzun haiek ahoskatzen hasi ginen gu ere. Ene bada! Orduan, sarritan oihartzun hauen parte gara! Burugabeak! Zelako burrunba hedatu den munduan barrena...

Egia da, egunero hamar mila ahotsen oihartzunekin eztabaidatzen jarraitzen dugun burugabeak gara. Bakarrizketan aritzen gara maiz. Ika-mikan, noizean behin, gaiaren eta pertsonaren arabera. Eta ez da harritzekoa kaosaren seme-alabak baikara. Aiene! Nola ez da ba mundu honetan tragediarik jazoko? Gaizki pentsatzetik gaizki jokatzera pauso erdia dago eta! Bale, ados gaude aurrekoarekin, gaizki pentsatzen dugun burugabeak gara. Baina, orduan, batek baina gehiagok galdetuko dit: nola pentsatzen da ondo?

Jaun andreok, hortxe dago koska, ondo nola pentsatzen den asmatzean. Zorionez, naturak bihoztun sortu gintuen. Tamalez, bihotzak uneoro pentsatzen du. Eta hau aldatzea ezinezkoa den arren, bihotzaren mugimendu etengabe hauek (pentsamenduak) bizitzen ari garen oraingo unera mugatu behar ditugu, hau baita ongi pentsatzea. Aitzitik, momentu honetatik haratago doazen pentsamendu guztiek bihotza mindu egiten dute, gaizki pentsatzea hori baita. Hortaz, isilarazi oihartzunak, entzun zure bihotza, momentu honetan duen taupada burura ekarri. Pixkanaka, praktikarekin, bihotzarekin modu egokian pentsatzen ikasiko dugu. Bai, ez da erraza, baina gure baitan dago dena: benetako guda eta benetako bakea.