Euskararekin zein harreman duten, eta hizkuntza hori lasarteoriatar gisa nola bizi duten galdetu die moderatzaileak sei gonbidatuei saioari hasiera emateko, eta Maider Galardik hartu du hitza. Gazte lasarteoriatar eta kazetari gisa hitz egin du. Azaldu du euskara berarentzat "tresna" bat dela bizitza hizkuntza horretan egin ahal izateko. Txikitatik euskaraz egin du; etxean, ikastetxean, lagunartean eta gaur egun lanean ere "euskaraz eta euskaratik" ari da –Berria egunkariko langilea da–.
Uxue Loinazek Muntteri AEKko irakasle eta gazte lasarteoriatarrak hitz egin du gero, eta azaldu euskarak "presentzia handia" duela bere bizitzan; Lasarte-Oria herri erdalduna izanda ere, arlo guztietan euskaraz bizitzeko aukera duela.
Ttakun Kultur Elkarteko lehendakari Mari Karmen Ormazabalek kontatu du, eskola garaian, "zortzigarren mailara arte" eta institutu garaian gaztelaniaz ikasi zuela, eta euskara etxetik jaso duela. Euskararekin "harreman estuagoa" hemezortzi urtetik aurrera egin zuen, aisialdiko begirale aritu zen garaian.
Iñaki Arrutirentzat–euskara teknikaria– euskara ez da tresna bat, komunitate bateko kide gisa bizi du hizkuntza. "Etxetik, modu oso naturalean" jaso du euskara. Eta Ormazabalek bezala, institutuko garaiak ekarri ditu gogora: "Gatazka handiz bizitu genuen, gu ginen vasquito-etako batzuk, eta gaztelaniaz egiten hasi ginen. Unibertsitate garaian etorri zitzaidan kontzientzia linguistikoa".
Bea Egizabalek ere ikasketak gaztelaniaz egin zituela kontatu du, eta hizkuntzarekiko kontzientzia gaztelaniazko ikastetxe batean piztu zitzaiola. Ttakun Kultur Elkartearekiko harremana ere jarri du mahai gainean eta euskara borroka pertsonal gisa bizi duela: "Nire laneko hizkuntza euskara da, baina hortik kanpo gaztelania nahi baino gehiago erabiltzen dut".
Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek azaldu du AEKko gau eskolan hasi eta unibertsitatera arteko ikasketak gaztelaniaz egin zituela. Hori hala izanik, gaur egun euskaldun sentitzen bada "hautu kontziente bat" egin duelako dela. Nabarmendu du Lasarte-Orian gaur egun euskaraz bizitzeko aukera asko daudela, nahiz eta badakien oraindik ere asko dagoela egiteko.
Aurkezpenen ostean, erakundeetako ordezkariei zuzendu zaie Labaka; Ormazabali eta Arrutiri. Galdetu die erakundeetan zein den orain arte egindako bidea.Komunitatearen izateko nahiari egin dio azpimarra Arrutik, eta nabarmendu, udaleko euskara teknikari aritu den urteetan, udalak erantzukizun sozialari forma emateko ahalegin bat egin duela: "Lanaren norabide bat ikuspegi komunitarioa mantendu eta elikatzea izan da, helburu nagusia beti izan delarik euskararen erabilera gehitzea. Hori lortu da, gaitasunen igoera ikaragarria gertatu da".
Ttakunen sorrerari begira jarri da Ormazabal gero. Kontatu du instituzioek erantzuten ez zuten behar batzuk asetzeko sortu zela elkartea eta sorreratik gaur egun arte, modu xume batean Lasarte-Oriako etxe guztietara iritsi dela, izan haur zein gazteentzako aisia eskaintzaren bidez, edota txintxarri aldizkariari esker, besteak beste.
Gazteen begirada
Galardi eta Loinazen txanda izan da ondoren. Galardik 2018. urtean aldizkari honetarako idatzitako Lasarte-Soria iritzi artikulua ekarri du gogora Labakak, eta galdetu die gazte bezala nola bizi duten euskara.
Galardik uste du gazteei euskarak balio bat duela transmititu behar zaiela, hortik etorriko delako komunitatearekin kohesioa eta Euskararen erabileraren gaineko diskurtsoa moldatu behar dela ere nabarmendu du.
Loinazen aburuz, egungo gazteek "euskara hibridoa" erabiltzen dute; euskaraz hitz egiten hasi arren, gaztelania tartekatzen dutela kontatu du. Egozten zaien hizkuntzarekiko kargari ere egin dio erreferentzia: "Gazteen artean euskararen erabilera sustatu nahi bada, hizkuntzak erosoa behar du izan".
Agirretxe eta Egizabalei zuzendu zaie jarraian moderatzailea eta proposatu die euskal kulturgilearen egoeraz hitz egitea. Egizabalek hartu du hitza, eta azaldu euskal kulturaren inguruan "endogamia" bat sortu dela, eta arazoa euskara "zentro" bihurtzean dagoela. Agirretxek jarraitu du esanaz, euskara erdigunera ekartzeko gauza asko egin direla ongi Lasarte-Orian; Euskararen Maratoia jarri du, beste hainbat kasuren artean, adibide. Norberaren behar eta emozioak asetzeko euskarazko espazioak sortzea garrantzitsua da pailazoarentzat. Sudurgorrien taldeko kide gisa jakinarazi du Andoainera joan behar izaten dutela entseatzera, herrian horretarako lekurik uzten ez zaielako: "Udalaren aldetik ez dago bitartekorik". Kultur eragileen berri izateko gune baten falta sumatzen duela ere azpimarratu du.
Feminismotik ere bideratu du Labakak solasaldia, eta Galardi, Loinaz eta Egizabal hirukoa gonbidatu du euskaltzaletasuna eta feminismoa lotzen dituzten edo ez argudiatzera.
Galardik argi du bere feminismoa euskaratik eta euskaraz bizi duela eta hori hala izateak zenbait muga dakartzala ere bai. Loinazentzat euskara eta feminismoa elkar lotuta joan dira beti, eta nahiz eta denbora luzez sinetsita egon zen euskaltzaleak derrigorrez feminista behar zuela izan (eta alderantziz), gerora konturatu zen baldintza hori ez dela nahitaezkoa. Egizabalek uste du euskarari intersekzionalitatea gehitu behar zaiola.
Etorkizuneko erronkei begira amaitu da mahai ingurua.
*Oharra: albistearekin batera dagoen bideoan ikus dezakezue mahai inguru osoa.