Lasarte-Soria

Maider Galardi 2018ko aza. 16a, 10:00

Hogeita lau orduz euskaraz bizitzeko aukera duzu; etxean jaso duzu euskara, lagun euskaldunak egin dituzu txikitan, unibertsitatean ere hala ikasi dituzu soziologia eta zientzia politikoak. Euskara hutsezko egunkari bakarrean egiten duzu lan, eta aisialdia ere gehien bat egiten duzu hizkuntza horretan; dela antzerkiak ikustean, kontzertuetan, parrandan... Pentsa zenbat "euskararen sasi militanterekin" topatu zaren bidean. "Beterriko euskara duzu", "Hernaniarra al zara?". Eta zuk ezetz, Lasartekoa zarela, Lasarte-Oriakoa

Hogeita lau orduz euskaraz bizitzeko aukera duzu; etxean jaso duzu euskara, lagun euskaldunak egin dituzu txikitan, unibertsitatean ere hala ikasi dituzu soziologia eta zientzia politikoak. Euskara hutsezko egunkari bakarrean egiten duzu lan, eta aisialdia ere gehien bat egiten duzu hizkuntza horretan; dela antzerkiak ikustean, kontzertuetan, parrandan... Pentsa zenbat "euskararen sasi militanterekin" topatu zaren bidean. "Beterriko euskara duzu", "Hernaniarra al zara?". Eta zuk ezetz, Lasartekoa zarela, Lasarte-Oriakoa. "Benetan? Ostia! Lasarte-Soriakoa zara, ez dirudi". "Ez al da Lasarte apur bat txurrianoa?". Eta zeuk, zeure buruari galdetu diozu ea non galdu duzun euskaldun petoaren karneta. Are okerrago, burutik pasatu zaizu pribilegiatua zarela Lasarte bezalako herri –ustez– erdaldun batean euskaraz bizitzeko aukera izateagatik.

Baina, gogoratu zara zeure kuadrillan guztiek ez dutela etxetik jaso euskara. Guztiak ez direla bizi Zabaletako arnasgunean edo Erdialdeko oasian. Badituzula Oriako eta Zumaburuko lagunak, eta horiekin ere ari zarela euskaraz. Batzuk ikastolan ezagutu zenituen, horiekin joan zinen Kukukara edo Amalur trikiti eskolara. Horiekin joan zinen udalekutara eta Kuadrillategira. Beste batzuk ezagutu zenituen Ostadarren, eta horiekin futbolean euskaraz aritzeko zortea izan zenuen. Horiekin egin duzu parranda, lehen gaupasa Euskararen Maratoiean. Gogoratzen zara Sorgin Jaietan lehen aldiz nola eraiki zenuen txosna, euskaraz. Oroitzen zara urte batzuk geroago festetako sexu eraso batengatik alkatearekin euskaraz aritu zinela –bi ordu lo eginda–, eta hark esan zizun euskaraz aritzeko, bera belarriprest zela. Ondo gogoan duzu joan den asteko Euskal Jaien ajea, nola okupatu zenuten gaztetasunez eta euskaraz kalea. Pentsatu duzu ahobiziz inguratuta egoteaz gain, ehunka belarriprestez inguratuta egoteagatik aritu zaitezkeela euskaraz etxetik irteten zarenetik etxera sartzen zaren arte. Ah! Ia ahaztu zaizu Euskaraldiko txapa hartzea! Harro eramango duzu paparrean, Lasartekoa izateak baduelako berezko balio erantsi bat.

Gora Lasarte-Soria ta (izan) punto.