Okendo Zinema Taldea: "Ziklo erakargarria prestatu dugu"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2022ko mar. 11a, 14:18

Herritar guztiak zikloaz gozatzera animatu dituzte Yarzak eta Garciak.

MIKEL YARZA ETA PILAR GARCIA - OKENDO ZINEMA TALDEKO KIDEAK

Iazko arrakastak hauspotuta, Okendo Zinema Taldeak euskal dokumentalen zikloa egingo du aurten ere, hilaren 17tik 27ra: Bolante baten historia, Apaiz kartzela, Hijos de dios, Tipularen sehaska kanta eta Aita Mari emango dituzte, "kutsu soziala" duten bost lan. Ikus-entzuleei "plus bat" emate aldera, zinten sortzaile eta protagonista batzuekin solasaldiak egingo dituzte, proiekzioak bukatu eta gero. 2021eko udan "kili-kolo" zeuden arren, egoerari buelta eman, eta "egitarau erakargarria" prestatu dute. OZTko kide Mikel Yarzak eta Pilar Garciak kontatu dizkiote egitasmoaren nondik norakoak TXINTXARRI-ri.

Noiz hasi zineten zikloa prestatzen?

Pilar Garcia: Urte hasieran hasi ginen egitaraua prestatzen, baina irailean Donostian egiten den Zinemaldia izan ohi da abiapuntua urteko programazioa prestatzeko. Iazko irailean ikusi genuen euskal sortzaileek kalitatezko lan ugari egin zituztela, ziklo bat antolatzeko adina.

Mikel Yarza: Herritarrek emateko modukoak izan daitezkeen ikus-entzunezkoen zerrendak egiten ditugu, eta ikusi genuen euskal sortzaileek egindako zenbait lan oso ondo ezkontzen zirela elkarrekin: kutsu soziala duten bost dokumental aukeratu ditugu. Beste herri batzuetan ere egiten dituzte emanaldiak, baina agian ez denak elkarrekin josita, ziklo formatuan, eta horrek erakargarritasuna ematen dio.

Iaz antolatu zenuten lehenengoz zikloa. Zer moduz joan zen? 

P. G.: Oso ongi, jende asko etorri zen proiekzioetara. Pandemiak ere izan zuen eragina horretan, tabernak itxita zeuden urteko sasoi horretan, eta guk proposatu genuena zen egin zitekeen plan bakarrenetako bat. Bestalde, uste dut kultur emanaldiak euskaraz badira, lasarteoriatar gehiago joaten direla kultur etxera, nahiz eta gehiengoa erdalduna izan.

M. Y.: Ikasturtean zehar euskal filmak ekartzen ditugu herrira eta, oraingo honetan, ziklo bat prestatu dugu. Proiekzioen ostean, sortzaileekin eta protagonistekin solasaldiak egingo ditugu, uste dugu balio gehigarri bat dela hori ikus-entzuleentzat. Iazko hitzaldiak oso aberasgarriak izan ziren, aretora joandako lasarteoriatar askok parte hartu zuten; pertsonalki, ase egin ninduen horrek. Gainera, lan horietako asko ez dituzte euren karteleretan sartzen zinema areto komertzialek. Horrez gain, izango da herritarrik sumatzen duenik gisa horretako filmak ekartzekotan gabiltzala, eta bere herrian proiektatu arte itxaroten duenik.

P.G.: Oso pozik gaude, ea zer moduz erantzuten duten herritarrek aurten. Ikusten badugu arrakastatsua izaten segitzen duela, agian urtero planteatzeko moduko egitasmo bat izan daiteke, baina hori sortzen diren lanen kalitateak ere baldintzatuko du hein batean.

Aipatu duzue kalitatezko euskal ikus-entzunezko ugariren berri izan zenutela Zinemaldian. Kosta zaizue egitaraua osatzea? Baten bat utzi behar izan duzue kanpoan? 

M. Y.: 2021eko ziklora lau film ekarri genituenez, formatua errepikatzea pentsatu genuen hasieran, baina azkenean bosgarren bat ere sartu dugu, ez genuelako aukeratu genituenetatik bat bera ere sakrifikatu nahi. Aita Mari, zikloko azken dokumentala, igandeetako pelikularen ordez proiektatzea proposatu genion udalari, eta onartu zuen.

"Iaz lau pelikula ekarri genituen ziklora, eta aurten, bost, ez genuelako aukeratutakoren bat sakrifikatu nahi"

P.G.: Ikasturteko emanaldiak antolatzerakoan, aurrekontua oso kontuan izan behar dugu, eta aurten bost dokumental ekartzea erabaki dugunez... Gainera, garai batean sortzaile asko musutruk etortzen ziren, haien lanak-eta iragartzera, baina azkenaldian aldatu egin da tendentzia hori, euskal eszenak gero eta indar gehiago hartu du, kobratu egiten dute lanak hara eta hona ekartzeagatik. 

M.Y.: Hori da egin dudan gogoetako bat, duela urte batzuk euskal produkzioak ez ziren ziurrenik horren indartsuak, horrek katxea igotzea ere ekarri du...

P.G.: Dena den, adibidez, No somos nada dokumentalaren produkzio laguntzailea etorri zen herrira otsailaren 25ean, Madrildik, eta desplazamendua bakarrik kobratu zuen. Oso saio interesgarria izan zen hori ere.

Eskualdeko zein lurraldeko herrietako agendetan ez dira horrelako zikloak sarri ikusten; azpimarratzeko moduko egitasmoa da hau, lan asko eskatzen duena. Nola moldatzen zarete taldean? Zenbat kide zarete?

P. G.: Iazko udaran SOS mezu bat bidali genuen, ez genuen garbi ikusten Okendo Zinema Taldeak lanean jarraitu ahal izatea, eta horrek ezin zuen izan; 1986. urtean sortutako proiektu bat bertan behera utzi behar izatea... Zorionez, zenbait herritarrek ederki erantzun dute, eta utzi dutenak ordezkatu ahal izan ditugu: Ane Arteaga, Inge Mendioroz, Alex Tello eta Pablo Barrio sartu dira. Juanjo Erauskin ere bada kide, baina itzaleko lana egiten du: webgunea mantendu, kartelak diseinatu... 6-7 bat pertsona ari gara lanean. Hilean behin elkartzen gara, eta ia egunero gaude harremanetan, WhatsApp aplikazioaren bidez.

M. Y.: Esango nuke berriki batu diren kideetako batzuk lotuagoak daudela profesionalki zinemaren munduari, eta horrek aukera ematen digu ez soilik sortzaileekin errazago harremanetan jartzeko, baita gure radarretik kanpo geratzen diren lan ugariren berri izateko ere. Bestalde, saiatu gara kide gazteak taldera erakartzen, baina, oraingoz behintzat, ez dugu lortu. Gure erronka nagusia hori da, adin tarte horretako jendea taldera zein proiekzioetara erakartzea, ez ziklokoetara bakarrik, urte osokoetara baizik.

"Gure erronka nagusia da gazteak taldera eta aretora erakartzea"

P. G.: Iazko zikloko emanaldietara, adibidez, gazte ugari etorri ziren, baina egia da, oro har, audientzia heldua izan ohi dela. Hala ere, Mikel, zu taldeko kide zara, eta gaztea, zenbat urte dituzu?

M. Y.: 28, jada ez naiz horren gaztea... XXI. mendean jaio den pertsona bat, esaterako, joaten da zinema aretoetara? Interesatzen zaizkio 80. hamarkadako kontuak? Beste plan batzuk nahiago dituzte agian, streaming plataformek ere eragina izango dute...

P. G.: Bai, egia da. Nola neurtu hori? Lana badugu, ez gara aspertuko!

Modurik badago gazteak taldera eta emanaldietara erakartzeko?

P.G.: Aurten, adibidez, proiekzio bat lotu genuen Oriarte institutuarekin, Jonas Truebaren Quién me lo impide emateko,  nerabeentzat oso interesgarria izan daitekeela uste dugu. Abenduan egin behar genuen, baina arazo teknikoak izan genituen: udaletik bezperan deitu zigun teknikariak, eta esan zinta ez zegoela proiektatzeko moduan. Bigarren saiakera udaberrian egingo dugu, ea egin dezakegun. Planteatu genuen ostiral batean proiektatzea eta deialdia herriari zabaltzea, baina hiru ordu eta erdi irauten ditu ikus-entzunezkoak, eta aproposagoa iruditu zitzaigun emanaldia eskola orduetan egitea.

Donostiako Zinemaldian hasten zarete pelikulen zerrendak egiten, esan duzuenez. Gustura joaten zarete? Film eta lan mordoa, eromena izango da...

P.G.: Egia da pelikula eta proiekzio asko direla, baina nik, pertsonalki, asko gozatzen dut. 

Ikasturteko programazioa nola antolatzen duzue? Zenbatero?

M.Y.: Bi hilabetero egin ohi dugu, udaleko Kultura sailetik esaten digute hiru hilabetero egiteko, agenda ere maiztasun horrekin argitaratzen dutelako, baina emanaldiak horrenbesteko aurrerapenarekin lotzeak ateak ixten dizkigu berrikuntzak ekarri ahal izateko, pentsa, urrian hiru hilabeterako kartelera lotzen badugu, urtarrilera arte ez dugu aukerarik lan berriagoak proiektatzeko.

P.G.: Bai, hori da, lan dezente kaleratzen dituzte bitartean, ez soilik Donostiako Zinemaldian, baita foku mediatikotik kanpoko asko ere.

Okendo Zinema taldea 1986an sortu zen. Zenbat urte daramatzazue zuek taldean, Pilar eta Mikel?

P.G.: Hori da, 1986an sortu zen, baina izaera ofiziala bi urte geroago hartu zuen. Gogoan dut 25. urteurrena ospatu genuenean, 25+2 esaten genuela, eta hori duela bederatzi urte izan zenez, orain 34+2. Nik hemezortzi urte daramatzat taldean.

M.Y.: Ni duela zortzi urte sartu nintzela esango nuke, 2014an sartu nintzen, eta gogoratzen dut zein izan zen lehen emanaldia: Gran hotel Budapest

P.G.: Zortzi urte honezkero!

M.Y.: Bai, hala da, denborak ez du barkatzen...