Sanpedroetako omendua aukeratzeko parte hartze prozesua abiatu du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko martxoaren 15a

Aterpea merkatarien elkartea omendu zuen udalak 2019ko sanpedroetan.

Aurtengo San Pedro Jaiak prestatzeko lanetan jarraitzen du Lasarte-Oriako Udalak. Iragarri du parte hartze prozesu bat zabaldu duela, herritarrek aitortza hori merezi duen norbanakoa edo eragilea aukera dezaten. Pertsona bakoitzak proposamen bat egin ahalko du, beranduenez, apirilaren 3ra arte, igandearekin. 

Parte hartzeko bideak hauek dira: lasarteoriatar bakoitzak bere etxean jasoko duen orria postontzi jakin batzuetan uztea (Emakumeen Zentroa, kultur etxea, Gaztelekua, udaletxeko arkupe zaharrak edo kiroldegia), edo iradokizuna udalaren webgunearen bidez egitea, esteka honetan. Ez da nahikoa izango norbanakoaren edo eragilearen izena zehaztea; hori aukeratu izana arrazoitu beharko dute partaideek. "Herriari mesede egin dioten pertsonak, taldeak, elkarteak edo kirol klubak izan daitezke", zehaztu du udalak. 

San Pedro Jaietako omenduak ekainaren 29an jasoko du aitortza hori, eta haurren zein helduen txupinak jaurtitzeaz arduratuko da. 

Erlazionatuak