Txapelketaren oinarrien berri eman du udalak. Ezagutarazi du aurkezten diren kartel guztiek honako esaldi hau eraman beharko dutela: San Pedro Jaiak Lasarte-Oria 2022. Partaideek nahi adina lan aurkeztu ahalko dituzte, eta teknika librea izango da; hori bai, proposamenek jatorrizkoak eta beste lehiaketaren batean saritu gabeak.
Formatu fisikoan zein digitalean
Euskarri digitalean lanak aurkeztu nahi dituztenek sanpedrojaiak@lasarteoriasarean.eu helbide elektronikora bidali beharko dituzte, 50x70 formatuan, eta izenburu batekin, baina ez egilearen izen-abizenekin. Hazbeteko 300 pixel izan beharko ditu. Lanak formatu fisikoan bidali nahi dituztenek, berriz, Gaztelekura eraman beharko dituzte, astelehenetik larunbatera, 12:00etatik 21:00etara. Izenburua atzealdean idatzi beharko dute, eta gutun bat eraman, parte hartzailearen datu pertsonalekin.
Kartelak bidaltzeko epea itxi eta gero, udalak bere webgunean jarriko ditu ikusgai, egileen sinadurarik gabe. Adierazi du herritarrek euren iritziak eman ahalko dituztela, eta aintzat hartuko dituela epaimahaiak, deliberatzerako garaian. Udaleko Gazteria, Festak eta Kirola sailak aukeratuko ditu kideak.