Fernando Furundarena: "Emandakoa baino gehiago jaso dugu"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2022ko mar. 10a, 12:56
Fernando Furundarena (goian, ezkerrean, urdinez), Liptovsky Mikulas hirian, material humanitarioa deskargatu ostean. Argazkia: 'Berria'.

Ukraina eta Eslovakia arteko mugan izan da berriki Fernando Furundarena herritarra, egitasmo humanitario batean parte hartzen, beste bederatzi pertsonarekin batera (zazpi gidari eta Astigarragan bizi diren bi ukrainar). Martxoaren 5ean abiatu ziren, lau furgonetatan, materialez karga-karga eginda: elikagaiak, garbitasun pertsonalerako produktuak, medikamentuak, eta abar. 30 bat orduko bidaiaren ostean, Liptovsky Mikulas hirira iritsi ziren, hilaren 7an, eta bertan deskargatu zituzten ibilgailuak. Ondoren, beste bi orduz gidatu zuten, Kosice-ra iritsi arte. Bertan, 26 iheslari ukrainar jaso, eta Euskal Herrira ekarri dituzte: atzo arratsaldean iritsi ziren helmugara, Getxoko Ereaga hondartzara (Bizkaia).

Bertan zain zituzten han bizi diren zenbait herrikide, eta baita harrera familiak ere. Furundarenak TXINTXARRI-ren deiari erantzun zionean, Frantzia eta Euskal Herriko mugatik ordu eta erdi pasatxora zegoen. 

"Hara eman duguna baino gehiago jaso dugu", azpimarratu du Furundarenak. Esperientzia "gogorra baina polita" izan da berarentzat, "erabaki ona". "Injustizia asko ikusten dugu, baina gero beti bezala jarraitzen dugu, ezer egin gabe, eta egitasmoaren berri izan nuenean, animatzea erabaki nuen". Esan bezala, Liptovsky Mikulasera joan ziren lehenengo, eta Kosicera gero: han jaso zituzten 26 iheslariak. "Une gogorrak izan ziren, banantzera zihoazen familiak, beldurra, urduritasuna, nekea... Inportanteena haiek Euskal Herrira ekartzea izan da". 

Nergroup enpresen elkartea

Nergroup enpresen elkarteak sustatu du egitasmoa, ACEV Euskal-Eslaviar Kultur Elkartearekin elkarlanean. Eragile horretako kideetako bat da Tolosako Arretxe; bertan egiten du lan herritarrak.  "Hemezortzi kidek osatzen dugu Nergroup, eta harremantzeko bide berriak lantzen ditugu, baloreak: Horrek elkartzen gaitu. Urteko irabazien %5 bideratzen ditugu elkartasun proiektuetara, eta hortik atera zen ukrainar herriari laguntzeko proposamena. Ibilgailuak, materiala...pare bat egunetan lortu, eta bidaiari ekin genion". Ez daki bukatu berri den hori izan den bidaia bakarra edo ez, baina aurreratu du Nergroup ari dela aztertzen egitasmoa errepikatzea.