Gerra piztu da. Nork esango XXI. mendean, ustez aurreratua den gizarte batean horrelako gerrarik piztuko zenik; orain badakigu, ondo jakin ere, zergatik xahutzen den horrenbeste milioi euro eta dolar armagintzan. Inozoak gu, mundua gerra nuklear baten ondorioz bat-batean suntsitu eta denok desargertuko ginela uste genuenok; duela bi urte sortu zen bezalako pandemia kutsagarri batek eraso eginda mundua bukatuko zela pentsatu genuenok. Ez. Gizakia elkar hiltzera kondenatuta dagoela esan genezake; ankerkeria eta zitalkeria gailendu direla; zein errespetu gutxi diguten guk demokratikoki hautatzen ditugun horiek. Zer da Europa? Herrialde multzo ahula dela erakutsi du, erabakiak hartzeko geldoa, batasunik gabea. Aldiz, a ze nolako botere eta harrokeria erakutsi duten Amerikako Estatu Batuek eta, nola ez, Errusiak.
Agintariak mahai erraldoi baten inguruan eztabaidatzen ari diren bitartean, herritarrak noraezean galdurik; milaka arima izutu, ahal dutena hartu, eta ihesi; nora iritsiko diren, noiz itzuliko diren ez dakitela. Beldurra eta amorrua. Horrexegatik, maite dituztelako, jarri dira kontaktuan euskal herritar ugari Ukrainan dituzten lagunekin: Txernobylgo istripuaren ondorioz sendatzera eta indartzera etorritako haurrekin. Baina, ai, areagotu egin zaie pena: haur zirelarik etortzen hasitako haiek 20-25 urte inguruko gazteak dira gaur, eta beren herriaren alde borroka egin nahi dute. Eta zoritxarrez, batzuek ez dute udaberria loratzen ikusiko.
Zein mundutan bizi gara? Bakoitza bere zilborrari begira? Zertan aurreratu du finean gizakiak? Nolako etorkizuna ezagutuko dute gure seme-alabek?
Gaur pena, tristura eta amorrua sentitzen dut.