Jaizkibel plazako zenbait etxabe eraitsi eta berrurbanizatzeko lanak esleitu ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko martxoaren 1a

Jaizkibel plaza handitzeko eta haurrentzako parke berri bat egiteko asmoz, udalak zenbait etxabe botako ditu Sasoeta auzoan: lanak Jaizubia Obras y Servicios enpresari esleitu dizkio, 1.141.809 eurotan. 

Udalak adierazi duenez, obra horien bidez "espazio publiko hobeak eta ekipamendu berriak" izango ditu Sasoeta auzoak. "2003ko Arau Subsidiarioetan aurreikusitako lanak bukatuko ditugu, alegia, auzo horretako etxabe guztiak eraistea". 

Jaizubia Obras y Servicios enpresa arduratuko da Jaizkibel plazako 14b, 15b eta 19 zenbakidun etxabeak eraisteaz. Udalak ez du zehaztu obrak noiz hasiko diren, baina bai zenbat dirutan esleitu dituen lanak: 1.141.809 euro. "Berrurbanizazio lan horren bidez, oinezkoentzako ibilbideak ireki eta puntu beltzak ezabatuko ditugu".

Horrez gain, moldaketa gehiago egingo ditu enpresak: forjatuak iragazgaiztu, zoladura jarri, hiri altzariak eta lorezaintza jarri eta zerbitzu sareen obrak egin. 19. etxabea bota ondoren, bertan geratuko den espazioan haurrentzako parke bat egingo du.