Geltoki kaleko saneamendua eta irisgarritasuna hobetzeko lanak adjudikatu ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 24a

Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi du lanak egingo dituela Geltoki kalean, bertako saneamendua eta irisgarritasuna hobetzeko. Asfaltados y Construcciones Morga enpresari adjudikatu dizkio, 237.995 eurotan. Labur esanda, hauxe egingo du: ur hornidurarako kanalizazioa ordezkatu, eta zoladura aldatu. Ez du zehaztu obrak noiz hasiko diren eta zenbat iraungo duten.

Kanalizazioberria burdinurtu modularrekoa izango dela zehaztu du udalak: Geltoki eta Iñigo de Loiola kaleen arteko bidegurutzean lotuko da sare orokorrera. Gainera, kendu egingo dute zuntz zementuzko hodien tartea.

Bestalde, 2017ko Irisgarritasun Planean finkatutako helburuak betetze aldera, arlo hori hobetu nahi du obren bidez. Hauek dira norabide horretan egingo dituzten moldaketa batzuk:

  • Ibilgailuen abiadura moteltze aldera, oinezkoentzako pasabideen zoladurak berritu eta galtzadaren gainean zabaldu. 
  • Kultur etxe pareko oinezkoentzako zeharkabidea aldatu, pasabide garai bilakatzeko. 
  • Hipodromoan, gaur egungo goiko pasabidea aldatu egingo dute, ez dagoelako "behar bezala" eginda.
  • Geltoki kaleko 12 eta 14 zenbakidun etxebizitzen artean oinezkoentzako igarobide berri bat egin, eta zenbaki bikoitidunei dagokien espaloia zabalduko dute: aurrerantzean 3,85 metrokoa izango da, 2,95ekoa beharrean.