'NEURE KABUZ'

Inauteriak

Asier Odriozola 2022ko ots. 25a, 07:30

Apal-apal baina oihuka dezagun garai bateko bizimoduaren antzekoa bueltan dela. Maiz entzun diogu aditu bati baino gehiagori ez genuela berriz ere sasoi bateko normaltasunik bizi ahal izango, nabarmen hankaz gora jarriko zitzaigula harremanak, jaiak, lana, bizitza azken batean, ospatzeko modua. Errezeloa daukat ordea horren kontrakoa dela gure joera.

Nahiz garai batean, beharbada, ondo bizi ginela onartu ez, pandemian iragan dugun tunel beltz eta luzearen ondotik, hura, lehengoa, berreskuratu nahi dugu. Eta berreskuratu nahiak, indar horrek, bestelako zuhurtziak baino sendotasun handiagoa duela dirudi. Inauteriak izango dira horren neurgailu gure herrian. Lasarteko kaleak jendez beteta ikusteko gogoa dut, saltoka-saltoka, honetaz eta hartaz mozorrotuta, berdin apaizez, guardia zibilez, Hitlerrez edo indioz eta bakeroz, nahiz Estatu Batuetako mendebaldean “zuriek” egin zuten triskantza kondenatu. 

Hori dute inauteriek: urtean behin, gertaerarik latzenei edo pertsonaia ilunenei barre egiten zaiela eta horrek ez duela esan nahi, zein den gure posizionamendu sozial edo politikoa. Inauterietan ere geure burua mugatzen badugu, akabo! Horretan zaleak diren agintari batzuren lana egingo du gutako bakoitzak. Francok eta beste askok hala egin zuten. Jarraitu dezagun mugarik gabe mozorrotzen, irudimena estukeria bakar delarik. Kalean ikusiko gara, nahiz agian elkar ezagutu ez. Ondo pasa!