Trukelandia aurkezteko ekitaldia martxoaren 1ean egingo dute, kultur etxean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 18a

Ezker-eskuin, Mari Karmen Ormazabal eta Jon Antxordoki, logo berriekin.

Ttakun Kultur Elkartearen eta Lasarte-Oriako Udalaren Gurasolandia egitasmoan parte hartzen ari den familietako bateko kide bazara, adi: aukera izango duzu beste sendi batzuekin ezagutzak partekatzeko, Trukelandia izeneko saioan. Aurkezpen ekitaldia martxoaren 1ean egingo dute antolatzaileek, Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan, 18:30etik aurrera. Ekimenerako gonbidapenak Ttakun KEren bulegoan eskura daitezke (Geltoki kalea 4, behea). Euskara elkarteko lehendakari Mari Karmen Ormazabalek eta Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordeko lehendakari Jon Antxordokik partaide guztiak animatu dituzte parte hartzera, eta Trukelandiaren logo berritua erakutsi dute.

Gurasoleku proiektuak badaramatza urte batzuk martxan. Ttakunek eta udalak ez ezik, herriko euskaltegiek (Muntteri-AEK eta Udal Euskaltegia), ikastetxeek (Sasoeta-Zumaburu eta Garaikoetxea-Landaberri) eta Andrejoakinaenea haurreskolak osatzen dute lan mahaia. Egitasmoaren helburua da herriko haurrak elebidun oso bihurtzea, familietan euskararen transmisioa bultzatzearen bidez. Adarretako bat da Gurasolandia, eta Trukelandia, bertako partaideen arteko harremanak sendotzeko bide bat.

Trukean oinarritutako jarduera

Izenak berak adierazten duenez, trukean oinarritutako jarduera da Trukelandia. Hilabetean behin, modu autonomoan hiru familia elkartu, eta bakoitzak ezagutza bat partekatuko du besteekin. Irakatsiko duten hori askotarikoa izan daiteke: errezetak, esperimentuak, abesti jolasak, ipuinak, eta abar.
Ekimena, esan bezala, martxoaren 1ean aurkeztuko dute, asteartez, kultur etxeko auditorioan, 18:30ean. Egitarauari buruzko zertzelada batzuk eman dituzte antolatzaileek: talde bakoitzak koreografia eta abesti bana taularatuko ditu; iaz Trukelandian parte hartu zutenetako batzuek haien esperientzia kontatuko dute; eta Porrotx pailazoak dinamizatuko du ekitaldia. 

Aurkezpen ekitaldian bertan eskuorriak banatuko dizkiete antolatzaileek familiei, Trukelandian parte hartzeko izena eman dezaten. Edonola ere, hori ez da izango parte hartzeko bide bakarra: posible izango dute 695 78 53 89 telefono zenbakira WhatsApp mezu bat bidaltzea. Martxoaren 1eko saioaren ostean, bi asteko epea emango diete interesa dutenei, egitasmoarekin bat egin dezaten. Bidenabar, zehaztu dute gonbidapen guztiak agortzen ez badira, kultur etxeko leihatilan jarriko dituztela parte hartzaileen eskura, aurkezpenaren egunean bertan. 

Erlazionatuak

Trukelandia egitasmoaren aurkezpen ekitaldia

Txintxarri Aldizkaria 2021 mar 07 Gizartea